Durangoko Azoka
GAUR, GUREKIN AZOKAN
Sara Gandara: 'Azokan zerbait bereziren parte zarela sumatzen duzu'
E.G | eitb.eus
Azoka berandu deskubritu zuela aitortu digu ETBko kiroletako aurkezleak, baina ordudanik, zitari huts egiten ez diola nabarmendu du, "bertako giro xarmangarriak" erakarrita.
-
Egun ETBko Kiroletako aurkezle da Sara Gandara. Argazkia: EiTB
Azoka berandu deskubritu zuela aitortu digu Sara Gandara ETB Kirolakeko aurkezle eta kazetariak, baina ordudanik, zitari huts egiten ez diola nabarmendu du Lezamakoak, "bertako giro xarmangarriak" erakarrita.
Azokara joateko ohitura aspaldidanik duzu? Zer alde ikusten dituzu lehengo eta oraingo Azokaren artean?
Egia esan, oso berandu deskubritu nuen nik Durangoko Azoka. Lanean nengoela bertara joatea tokatu zitzaidan duela sei bat urte eta orduan konturatu nintzen zenbaterainoko garrantzia duen, euskal-sorkuntzan, euskal-gizartean. Oso gogoan daukat topaleku ederra zela idazle eta musikarientzat batez ere, baina baita biztanle guztiontzat ere. Bertako giro xarmangarriak euskaldunak, euskalzaleak erakartzen ditu eta kultura eta musika baliatuta, egun ederrak igaro izan ditut bertan, eta baita azokari lotutako bestelako lekuetan ere, Plateruenean, esaterako, zuzeneko kontzertu ederrekin.
Zer du Azokak horrenbeste jende erakartzeko?
Dena (eta ez denetik) daukala uste dut. Liburu eta diska eskaintza oso zabala, herrialde gonbidatuak, kontzertuak, mahai-inguruak, artistak, idazleak, elkarteak, hedabideak... askotariko jendea biltzen da Durangoko Azokaren inguruan eta aniztasun horrek geure mugetatik harago, asko dagoela erakusten du. Jendearekin elkartu, eztabaidatu, lagun berriak ezagutu... hori ez da leku askotan gertatzen. Oso aberatsa delakoan nago, eta horri eutsi behar zaio.
Zerbait gehitu edo kenduko zenuke?
Kendu ezer ere ez eta eskatzen hasita, gastronomiari tartetxoa eskaintzea gustatuko litzaidake. Azken finean, ordu asko ematen dituzu bertan, postu batetik bestera, aurtengo nobedadeen bila eta, bat-batean, bazkaltzeko edo afaltzeko ordua iristen zaizu. Ba, nire ustez, oso ondo legoke euskal produktuez osatutako standak jarriko balituzte, alegia, euskal kulturaren parte oso garrantzitsu diren heinean, baserritarrek ere euren tokitxoa edukitzea, euren produktuak ezagutarazteko eta, bertaratzen garenok, eurekin gozatzeko. Hau da, bazkaltzeko edo afaltzeko orduan, txorizo talo bat eta txakoli edo sagardo bat han gertu dastatzeko aukera izatea, oso urruti joan gabe.
Nolakoa izaten da zure egun bat Durangoko Azokan?
Goizetik esnatu eta harantza joan, besterik gabe. Eta han zaudela, sumatzen duzu zerbait bereziren parte zarela. Gainera ez dakit zergatik baina aspaldiko lagunen topalekua ere bada, esan nahi dut, ezagutzen dituzun lagun asko han topatzen dituzu, eta aitzakia gehiagorik ez duzu behar euren bizitzen berri jakiteko. Oso egun bereziak izan ohi dira, Durangoko Azokak eskaintzen duenaz gainera, harreman pertsonalak ere sendotzeko toki paregabea delako.
Zein disko eta liburu gomendatuko zenituzke aurten erosteko?
Musikari dagokionez, ezin naiteke oso objetibo izan. Baten bat aipatzekotan, Gatiburen azken diskoa erosteko gomendioa emango nuke, asko atsegin dudalako egiten duten musika. Baina aitortu behar dut musika asko gustatzen zaidala eta, egunaren arabera, gomendio bat edo beste bat eman dezakedala. Eta irakurketari dagokionean, ez dakit zergatik baina Baztango trilogia irakurtzeko irrikian nago. Kritika onak izan ditu eta kurioso nago. Baina oraindik etxean daukadana bukatu behar dut eta, Durangoko Azokan, hain arrakastatsua den trilogia hori erosi. Ikusiko dugu. Seguru hara iristerakoan, gauza gehiagok atentzioa emango didatela eta diru gehiagoren bila joan beharko dudala, nahikoa izango ez delako hainbesteko eskaintzarekin.