Durangoko Azoka
Ekitaldia
Anuntxi Aranak Argizaiola saria jaso du Durangoko Azokan
Erredakzioa
Saria eskertu du antropologo euskaldunak. ‘’Oso esanahi berezia du niretzat hemen, Anbotoren eta Anbotoren anderearen itzalpean mitologia lanak aipatzea’’, esan du.
Anuntxi Arana antropologo eta euskal mitologian adituak 2014ko Argizaiola saria jaso du Durangoko Azokaren 49. edizioan. Saria eskatu eta mitologia izan du hizpide Aranak. ‘’Oso esanahi berezia du niretzat hemen, Anbotoren eta Anbotoren anderearen itzalpean mitologia lanak aipatzea’’, azpimarratu du.
Gaur egun, Angelun (Lapurdi) bizi da Arana, eta, euskal mitologia ardatz hartuta, antropologiaren esparruan gauzatu ditu bere lan idatziak. Lehen hurbilketa Baionan egin zuen, Diplôme universitaire de Basque ikasteko izena emanda, eta 1985ean ikasketa horien memoria argitaratu zion Haranburu Altuna argitaletxeak: Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak.
Jean Francois Cerquandek, Ipar Euskal Herriko mitologia aztertu zuen lehenak, egindako lana berridatzi eta garaietara egokitu zuen Aranak 1986an, eta bi liburutan argitaratu zuen: Jean François Cerquand bilduma - Ipar Euskal Herriko Legenda era Ipuinak.
Hala ere, bere lan nagusia 1996an egin zuen: Bordeleko Uniabertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin zuzendutako doktore tesia: Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa.
Ipar Euskal Herrian euskaraz defendatu zen lehenengo tesia izan zen, Jasone Salaberriaren tesiarekin batera.
Gaur egun, hilak, arima herratuak eta mitologia lotzen dituen lana prestatzen ari da udaberrian argitaratzeko.
Argitalpenak
- Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak – Haranburu Altuna, 1985
- Jean-François Cerquand, Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak - Txertoa, 1985 eta 1986
- Orozko Haraneko kondaira mitikoak – EHU 1998 (Doktorego tesia)
- Mito hurbilak: euskal mitología jendeen bizitzan – Gatuzain 2000
- Mitoen bilakatzea – Gatuzain 2004
- Jentilak eta kristauak – Elkar 2008