Durangoko Azoka
Irudienea
Ikus-entzunezkoei lupa moretik begira
Natxo Velez (eitb.eus) | Durango
Katixa Agirre idazle eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak ikus-entzunezko mezuei irizpide kritikoz begiratzeko arrastoak eman dizkie ikasleei, Irudienean.
-
Katixa Agirre idazle eta irakaslea, gaurko saioan
Ikus-entzunezko mezuen zaparrada neurrigabea jasotzen dugu une oro: telebista, sakelako telefonoa, iragarkiak… Katixa Agirre idazle eta EHUko irakasleak eta Oihulari Klown taldeak "Youtubeko gezurrak: sexismoa gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoetan" hitzaldia eman diete gaur, Durangoko Azokako programazioaren baitan, ikasle nerabeei, horiei ikuspegi kritikoz begira diezaieten, generoaren ikuspegitik.
Generoen irudikapenari eta rolari dagokienez, akritizismoari entzungor egin eta hartzaile aktibo izateko baliabideak aurkeztu dizkie Agirrek gaur goizean Irudieneak hartu duen saioan –hiru emanaldi egingo dituzte gaur guztira, ikasleekin- Kulturaren Plazara Lasartetik bertaratutako ikasleei.
Mezu bonbardaketan sexismoa, sexu biologikoaren araberako bereizketa eta diskriminazioa, identifikatzeko, mezuoi Lupa Moreaz begiratzen irakatsi die idazleak. Alegiazko iragazki hori aplikatuta, mezuotan oharkabean pasatu ohi diren hiru sindrome identifikatzeko bidea eman die: Pottokinaren sindromea, Don Limpioren sindromea eta Bechdel sindromea.
Lehenengoa aplikatuz, gizonen artean emakume bakarra irudikatzen duten lanak gelditzen dira agerian; hots, gizon garrantzitsuen artean neska lau bakar eta bakandua erakusten duten ikus-entzunezkoak sailkatzeko balio du. Horien artean daude, besteak beste, "Pottokiak" eurak (Gargamelek maldizio gisa bidali zuen pottoki emea herritxora), "Star Wars", "The Muppets"…
Bigarren sindromeak, Don Limpioren sindromeak, emakumearentzat hartzen den espazio batean gizon aditu baten presentzia azaleratzen du, eta publizitatean ageri da batik bat. Gizonak, seguru, zer egin behar duen azalduko dio emakume herabe eta mindulinari, adibidez, horrelako lanetan. Irakatsiak emateko ahalmena erakusten du gizonak, emakumearen gainetik, eta, esaterako, Don Limpio edo Tenn xaboi uren iragarkietan daude ikusgai horrelako manerak.
Azkenik, Lupa Moreaz identifikagarri gelditzen den azken sindromeari Bechdel komikigilearen izena jarri dio Agirrek. Egile horren istorio grafiko batean, bi emakumek hiru baldintza jartzen dituzte film bat ikusteko: gutxienez bi emakume agertzea, horiek beraien artean hitz egitea eta elkarrizketa hori gizona ez den beste zerbaiti buruzkoa izatea.
Ezin konta ahala adibide daude hiru baldintza horiek betetzen ez dituztenak, ikasleen laguntzaz osatutako errenkadak erakusten duen bezala: "Aladdin", "Shrek", "Nemo", "Avatar"…
Saioa bukatzeko, Oihulari Klown bikoak pailazoen ikuskizun bat egin du, ikasleen parte-hartzearekin, estereotipoekin jolasean, karikaturak erabiliz.
Kosta egiten da sindrome horiek erakusten duten normaltasun anormal horren barruan kontrako adibideak, emakumeak paper hegemonikoetan irudikatzen duten mezuak, topatzea... Egin ahalegina.