Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Kabi@

Euskarazko bideo jokoen ekaitza Durangon, giro eguzkitsua gorabehera

Natxo Velez (eitb.eus) | Durango

Durangoko Azokak aspaldi utzi zion idazle eta musikarien bilgune huts izateari. Kulturaren Plazaren mugak zabal-zabalak dira, eta gaur bideo jokoen euskal eszenak hartu du Kabi@ gunea.

  • Iker Bellido (Proboute Guiliam) eta Patxi Ordozgoiti (Ipatx) youtuberrak, gaurko saioan

    Iker Bellido (Proboute Guiliam) eta Patxi Ordozgoiti (Ipatx) youtuberrak, gaurko saioan

Hizkuntza batek, erabilgarri eta baliagarria izan nahi badu, esparru guzti-guztietan behar du hedatuta egon, nola literaturan hala bideo jokoetan, zientzian bezala, egunero erabiltzen ditugun pantailetan.

Premisa horretatik abiatuta, 2014ko udan Urtzi Odriozola eta beste lagun batzuk kafe baten bueltan bildu ziren, eta, Sarean jokalari euskaldunak aurkitzea zaila zela iritzita, zerbait egin eta Game Erauntsia taldea sortu zuten, euskal jokalariek erreferente bat izan eta garatzaileei merkatua egon badagoela ikusarazteko.

Webgunea martxan jarri, eta, urtebeteren ondoren, Euskal Herri osoko jokalariak batu zaizkie misiora. Bideo jokoetan aritzen diren euskaldunek badute informazioa partekatzeko gunea, foroa.

Euskal mitologia eta pilota, pantailan

Pantailaren bestaldean ere, mugitzen ari dira gauzak. Binary Soul bizkaitar enpresak, esaterako, euskarazko bi proiektu ditu garapen fasean. Lehenengoa, Sorgina Pirulina PCrako jokoa, 2016ko otsailean merkaturatu nahi dute, Endika Campo enpresako kideak azaldu digunez.

"Haurrentzako jokoa da, helburu didaktikoa ere badaukana, eta Mari, Gaueko, Basajauna eta euskal mitologiako beste pertsonaia batzuk irudikatzen ditu, Santimamiñen, Omako Basoan Sorgin Etxen eta ezagunak zaizkigun beste agertoki batzuetan", azaldu digu Campok.

Bigarren proiektua ordenagailuaren bidez pilotan aritzeko jokoa da. Simulatzailea baino gehiago arcade jokoa izango da, eta pantailako jokalariak benetako erabiltzailearen mugimenduak errepikatzeko pentsatuta dago. Horretarako, Kinect gailua eta Oculus Rift betaurrekoak erabili beharko dira, eta jokalariak frontoiaren 360º-ko ikuspegia izango du, azken horiei esker.

sorgina pirulina

"Merkatua egon badago, badago nora jo", Campok esan digunez, "eta euskara sustatzen laguntzea oso interesgarria iruditzen zaigu".