Durangoko Azoka
Abenduak 4
Lehen Eusko Jaurlaritzaren omenezko jarduerak, Durangoko Azokan
Eitb.eus
‘Lehen Eusko Jaurlaritza Bilbon’ liburuaren egileek azaldu dutenez, “testuinguru zibil eta kritiko batean sortu zen Eusko Jaurlaritza. Ez zen erraza izan indarrean egotea”.
-
'Lehen Eusko Jaurlaritza Bilbon' liburuaren aurkezpena Durangoko Azokan. Argazkia: EiTB
Igande honetan, abenduak 4, ‘Lehen Eusko Jaurlaritza Bilbon’ liburua aurkeztu dute Durangoko Azokan. Eusko Jaurlaritza eratu zenetik 80 urte igaro ostean argitaratu dute Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumaren lehen alea.
Leyre Arrieta, Eider Landaberea, Miren Barandiaran, Iñaki Goioaga, Asier Madarieta eta Jose Antonio Rodriguez Ranz dira argitalpen horren egileak. Liburua idaztea pentsatu zutenean, gaiaren inguruan orain arte idatzitako guztia aztertu zuten. Hala, dokumentazio berria bilatu eta artxiboak arakatu zituzten. Orduan, argitaratu gabe datu garrantzitsu ugari zeudela ohartu ziren.
"Pertsona horiek ez ziren 1936an jaio, liburu honetan nondik datozen eta egindako ekarpena erakusteko asmoa dugu, modu ulergarri batean", azaldu dute.
Ildo horretatik, hamar sailburuen eta lehendakariaren biografia laburren bilduma idaztea erabaki zuten. Hamaikek osatu zuten Eusko Jaurlaritza, baina bederatzi hilabete besterik ez zuen iraun. Liburua horien omenez idatzi dutela azpimarratu dute eta Euskadiren batasunaren alde egindako lana nabarmendu dute.
Egileek azaldu dutenez, "testuinguru zibil eta kritiko batean sortu zen Eusko Jaurlaritza. Ez zen erraza izan indarrean egotea". Ildo horretatik, "munduari begira duintasunaren eredu" dela azpimarratu dute, herritar guztien "eskubideak eta duintasuna" bermatzen ahalegindu zirelako.
Eusko Jaurlaritza osatu zuten hamaika gizonetatik, hamar erbestera ihes egin behar izan zuten (bestea hil egin zuten). Horietako seik ezin izan zutenez beraien ametsa bete, liburu honekin "egindakoa eskertu" nahi dietela esan dute. Beste alde batetik, argitalpenaren izenburua aukeratzeko orduan ez zutela desadostasunik ezta zalantzarik izan gaineratu dute.
80. urteurrenarekin lotutako erakusketa
Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren izendapenaren 80. urteurrena gogora ekartzeko "Gure izaeraren ispilu" erakusketa bisitatu daiteke Durangoko Azokaren eraikin nagusiaren aurreko plazan. Mauro Saravia argazki txiletarrak iragana eta orainaldia uztartzen ditu argazki berean, "izan ginena eta honaino ekarri gaituena gogoratzeko".
Erakusketa Bilbo eta inguruan ateratako hamalau argazkik osatzen dute. Horrez gain, abenduaren 6an, Agirre lehendakariaren omenez egindako erraldoi batek Durangoko kaleak zeharkatuko ditu, 10:00etatik 12:00ak arte.
Abenduaren 13an, 80. urteurrena gogora ekartzeko azken ekitaldi ofiziala egingo da Gasteizen.
_imagen.jpg" />