Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Liburu aurkezpenak

Sarrionandiaren galderak eta oroitzapenak

Natxo Velez | eitb.eus (Durango)

Joseba Sarrionandiaren lanaren inguruko aurkezpen bikoitza hartu du Durangoko Azokak bigarren egunean: ‘Gure oroitzapenak’ antologia eta ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua?’ gaukaria.

  • Joxemari Iturralde, Jose Angel Irigarai, Ander Lipus eta Dana Moya

    Joxemari Iturralde, Jose Angel Irigarai, Ander Lipus eta Dana Moya

Landako Guneko Areto Nagusia txiki gelditu da abenduaren 6 honetako arratsaldean, Joseba Sarrionandia idazlearen bi lan aurkezteko ekitaldien kariaz. Jendeak jakin min handia agertu du “Gure oroitzapenak” eta “Bizitzea ez al da oso arriskutsua” lanak ezagutzeko.

Lehen aurkezpena “Gure oroitzapenak” Sarrionandiaren lan musikatuen antologiarena izan da. Elkarrek kaleratutako lan honen jatorria eta Zinemaldian aurkeztutako filmarena bat da, baina, Anjel Valdes Elkarren ordezkariak azaldu duenez, proiektuaren adar bakoitzak bere bidea egin du.

“Gure oroitzapenak” disko-liburuak iurretar idazlearen 40 poema batzen ditu, baita hainbat belaunalditako euskal musikariek eginiko horien 32 interpretazio ere, disko bikoitzean. Valdesek azaldu duenez, 1982koak dira Sarriren poesiarekin egindako lehen kantuak, Ruper Ordorikak musikatu zituen Ni ez naiz Noruegako errege diskorako, eta bilduman, klasikoez gain (Ruper Ordorika bera, Mikel Laboa, Imanol, Oskorri…), gaur egungo artistek oraintsu egindako grabazioak ere badaude (Mice, Amorante, Mursego, Izaki Gardenak…).

Xabier Mendiguren proiektuaren editoreak gaurko aurkezpenean xehatu duenez, ia 40 urtean idatzitako poemak ageri dira lanean, eta, berorien bidez, ikus daiteke Sarrionandiaren poetikak nola jo duen umorerantz eta jolaserantz, betiere edertasuna bilatzeari eta irakurlea harritzeko gogoa erakusteari utzi gabe. Azkenaldiko liburuen izenburuan galdera ikurra agertzeak erakusten du zuhurtzia hori, besteak beste, editorearen esanetan.

Joseba Sarrionandia Gure oroitzapenak Bizitzea ez al da oso arriskutsua?

Habanako gaukaria

Jarraian,  ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua?’ Joseba Sarrionandiaren liburu berriaren aurkezpen ekitaldia iritsi da. Pamiela etxeak kaleratutako lanak antzekotasun formal handiak ditu ‘Ni ez naiz hemengoa’ Sarrionandiak 1985ean argitaratutako liburuarekin, Joxemari Iturraldek azaldu duenez, eta “irakurle aktiboa eskatzen du”.

“Asmo literarioko lan atsegin eta labur baina sakonean”, Sarrionandiaren bibliografia osoan zehar bezala, gai politikoak ageri direla azaldu du Iturraldek, eta oraingoan hainbat aipamen pertsonal ere aurkituko dituztela aurreratu die irakurleei.

Jarraian, Ander Lipus aktoreak eta Dana Moya abeslariak liburuko hainbat pasarte deklamatu eta kantatu dituzte aretoa mukuru bete duen publikoaren gozagarri.