Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Diru laguntza

Durangoko Azokaren bigarren sormen bekak musika izango du oinarri

eitb.eus

Durangoko Azokan iragarriko dute zein proiektuk irabaziko duen 15.000 euroko laguntza, eta emaitza 2020ko edizioan egongo da entzungai.

  • Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea

    Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak abian jarriko dute, bigarren urtez, Durangoko Azokan emango duten Sormen Beka, “euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko”.

Bigarren deialdiaren oinarria musika izango da, urtero diziplina bat hartuko baitute ardatz Durangoko Azokak bere baitan hartzen dituenetatik: literatura (iazkoa hori izan zen), musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak.

18 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte, banaka zein taldeka, betiere CD edo maketa bat baino gehiago kaleratu ez badute sarean edo formatu fisikoan.

Lehiaketa bidez aukeratuko dute proiektu irabazlea, kalitatea, originaltasuna eta hedatze-ahalmena kontuan hartuta, eta 15.000 euro jasoko ditu, obra sortu eta plazaratzeko.

Irailaren 21ean, 18:00etan, itxiko da lanak aurkezteko epea; irabazlearen berri Durangoko Azokan zehar emango dute eta emaitza Durangoko 2020ko Azokan egongo da entzugai.