Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

“Kikarakada”

Kikara bete elkartasun

Natxo Velez | eitb.eus

“Kikarakada” Galder Izagirre argazkilariaren ideia batetik abiatutako proiektuak elkartasuna, sukaldaritza eta artea batzen ditu, Zaporeak elkartea eta "Gaztezulo" aldizkaria eskutik hartuta.

  • Oraitz Garcia, Galder Izagirre eta Gaizka Izagirre

    Oraitz Garcia, Galder Izagirre eta Gaizka Izagirre, "Kikarakada"ren sortzaileak

Euskal Herriaren eta Lesbos Greziako uhartearen artean, txokolatezko zubiak eraiki: hori du helburu “Kikarakada”k, Galder Izagirrek (Diapositivisme estudioa), Oraitz Garciak (Zaporeak elkartea) eta Gaizka Izagirrek (Gaztezulo aldizkaria) gaur Durangoko Azokaren lehen egunean aurkeztu duten egitasmoak.

Lesboseko (Grezia) haur errefuxiatuei ezaguna zaie, ezagunegia akaso, Zaporeak gobernuz kanpoko euskal erakundeak egunero bertatik bertara ikusten duenez (han dago lanean, errefuxiatuei egunero otordu duin bat bermatzeko), itsas salbamenduko txalekoen laranja kolore bizia, eta kolore hori aukeratu dute “Kikarakada” proiektuaren ikur bihurtu den kikararako, txokolatea egiteko errezetak, haurren argazki ikusgarriak eta hainbat euskal sortzaileren testuak batzen dituen argitalpenaren arduradunek.

Galder Izagirrek azaldu duenez, txokolatea “zoriontasunaren elikagai unibertsala” da, eta, bertoko umeengan arazoak alboratu eta gozatzeko aukera eskaintzen duela ikusita, sentsazio hori gehiago behar duten haurrengana eraman zuten txokolatea, Lesbosera, bertako errefuxiatu eremu bateko umeentzat txokolatea dastatzeko jai bat antolatuta.

Esperientzia hori Galder Izagirrek irudiz jasota erakusten du orain “Kikarakada” Durangoko Azokan Gaztezulo aldizkariaren erakusmahaian salgai egongo den liburuak (liburua, 29 euroan; liburua eta kikara 35 euroan; eta kikara, hamar euroan); argazkioi hainbat euskal sortzailek (Fermin Muguruza, Harkaitz Cano, Ane Irazabal…) jarritako testuak (“denetarik dago, ipuinak, abestiak, poemak…”, azaldu du Izagirrek) eta hainbat euskal sukaldarik (Arzak, Aduriz, Subijana…) asmatutako errezetak gehitu dizkiote bilduma dotorean.

Proiektu honen bidez jasotzen den diru guztia (liburua edota kikara erosiz zein diru ekarpena eginez lagundu daiteke) Lesbosen lanean ari diren gobernuz kanpoko bi erakunderen esku utziko dute berorren arduradunek, gainezka dauden errefuxiatu eremuetan behinola txokolatezko irribarre bat irudikatu zuten umeak hezteko proiektuetara bidera dezaten.