Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Musika

'Berri Txarrak. Berba eta irudia': grina ordenatu eta paperean jarria

Natxo Velez | eitb.eus

Eider Iturriaga eta Ibai Arrieta argazkilariek Ikusi Arte agur biran jasotako argazkiak eta Harkaitz Cano idazlearen testuak uztartu ditu Berri Txarrakek Durangoko Azokan aurkezten diharduen liburuan.

  • Harkaitz Cano, Eider Iturriaga, Ibai Arrieta eta Gorka Urbizu

    Harkaitz Cano, Eider Iturriaga, Ibai Arrieta eta Gorka Urbizu, "Berba eta irudia" aurkezten

“Atrakua eta kontzertua ez dira elkarren oso ezberdinak: prestaketa lan handia eskatzen dute, ziztuan pasatzen dira eta gauza asko atera litezke txarto”, Gorka Urbizuk Harkaitz Canori “Berri Txarrak. Berba eta irudia” liburua prestatzeko izan dituzten elkarrizketetako batean esan zionez.

Eta, hain zuzen, hori bildu du Berri Txarrakek 300 orriko eta bi kiloko liburu dotorean, Eider Iturriaga eta Ibai Arrieta argazkilarien irudien eta Harkaitz Canoren berben bidez: bira baten argi-ilunak. 'Ikusi Arte' taldearen agur bira “berezi eta ahaztezinean”, Gorkaren hitzetan “dena muturrera eraman duen” kontzertu sortan, gau eta egun lagun izan dituzte hiru taldekideek eta horien laguntzaile teknikoek bi argazkilariak, nola agertoki gaineko une dirdiratsuetan hala rockaren ñirñirari, sutxakurrei, nekea, bakardadearen ausikia, ordu mortuetako asperdura eta lo falta gailendu zaizkienean.

“Oso eskuzabala izan da lantalde osoa”, Ibai Arrietak Ahotsenea Solasaldiak Durangoko espazioan egindako aurkezpenean azaldu duenez, “elkarrekiko konfiantza lantzen joan gara, eta bira baten ohiko giroarekin kutsatu gara. Horrek bene-benetako argazkiak egitea ahalbidetu digu”.

“ikusezin bihurtu gara, denok elkarri egokitutakoan, eta orduan etorri dira argazkirik onenak, emozioen bila joan ahal izan garenean eta taldea agertokiaren atzean ere erretratatu”, Eider Iturriagaren esanetan.

Harkaitz Canok, bestalde, sarkin baten gisara ikusi du bere burua proiektuan murgilduta. “Nik kontzertu batzuk ikusi ditut, baina ez naiz beraiekin biran joan. Beraz, espioi lana egin dut testuak idatzi aurretik, gutxi gorabehera”, azaldu duenez.

Berri Txarrakek inoiz izan duen urte gorabeheratsuenean, ez zegoen tokitik jarduera etengabeari lipar bat ostuz, Harkaitz Canok eta Gorka Urbizuk hainbat elkarrizketa izan dituzte, eta hortik jaso du bere testuetarako materiala idazleak. “Atal batean, sakrilegio bat egin dut: musika eta Gorkaren hitz on eta sofistikatuak banandu, horien misterioa argitzen saiatzeko. Ez dut lortu”, aitortu du Canok gaurko solasaldian.

25 urteko goranzko ibilbide atergabeari azkena jarri dion biraren dokumentu grafiko-literarioan parte hartu ahal izateari “ohorea” iritzi dio Eider Iturriagak, eta Ibai Arrietak, bestalde, nabarmendu du, “ardo ona bezala”, liburua ere ondu egingo dela denborak aurrera egin ahala: “Taldearen arrastoa bero-bero dago, eta urak lasaitutakoan hartuko du benetako indarra liburuak. Argazki onekin ere, hori gertatzen da”, esan du.

Berri Txarrakek etenaldi mugagabea abiatu zuen Iruñean, azaroaren 23ko gau gogoangarrian, hamabost mila lagunek egindako “Oihu”aren azken akordea margultzeaz bat, baina, inguru lanbrotsuan, badira oraindik eskura ditugun gauza iraunkor gutxi batzuk, berba, irudia eta musika, esaterako. Ez da gutxi.