Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 4-8

Durangoko Azokak ez du erakusmahairik izango eta salmentak digitalak izango dira

eitb.eus

Pandemiak markatutako edizioa izango da 55.a, eta produktu guztiak denda birtual batean erosi ahalko dira. Ikuskizun eta aurkezpenak bertatik bertara eta streamingez jarraitu ahalko dira.

1:34
Nerea Mujika (Gerediaga elkartea). EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

Durangoko Azokaren 55. edizioa, abenduaren 4tik 8ra egingo dena, koronabirusaren pandemiaren itzalpean egingo da. Horren ondorioz, aurten ez da standik egongo Landako Gunean. Horren ordez, denda birtuala sortuko dute Azokaren webgunean, eta bertan erosi ahalko dira produktu guztiak.

Kulturaren plazak hartu ohi dituen ikuskizunei dagokienez ere, aldaketak izango dira. Azokak espazio bi izango ditu bost egunean, Landako Gunea eta Plateruena, eta bertan egingo dira kontzertu, solasaldi eta abar. Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da bertatik bertara ikusteko, baina streaming bidez ere jarraitu ahalko dira guztiak.

Hala iragarri du gaur laster ateak itxiko dituela iragarri duen Plateruenean egindako prentsaurrekoan Nerea Mujika Gerediaga elkarteko, Durangoko Azokaren antolatzaileen, presidenteak. Aurten, “guztiontzako segurua den Azoka” antolatzea izan da helburua, bere hitzetan, argi izan baitzuten aurrera jarraitu behar zutela: “Uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka, sortzaileek behar dutela plaza, argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa, eta jendeak zuzenekoak bizitzea eta nobedadeez gozatzea”.

Beren sormen lanak denda birtualean saldu nahi dituztenek gaurtik aurrera eman beharko dute izena Azokaren webgunean. Izena ematea doakoa izango da, eta Azokak salmenten % 12 jasoko du, “kudeaketa eta logistika gastuei aurre egiteko”.

Ane Pikazaren kartela

Aurtengo edizioko kartelaren egilea Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea (Bilbo, 1984) da. “Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena”, azaldu du bere lanaz.

Kolorez jositako bihotz bat irudikatu du Pikazak paisaia grisaren gainean, “TaupaDA!” leloari dagokionez. “Bizitzen ari garen egoera grisean kultura gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan dagoen bihotza garela ere irudikatu nahi izan dut. Eraikuntza horretan guztion partaidetza da ezinbestekoa; arlo guztietako sortzaile, teknikari, eragile zein publikoarena berarena. Denon artean elikatzen dugu taupada amaigabe hori”, azaldu du.