Itxi

kultura

55. edizioa

Durangoko Azoka "normaltasun berrira" egokituko da abenduan, protokolo bereziarekin

eitb.eus

Abenduaren 5etik 8ra egingo da aurtengo edizioa, egoera berrira egokituta. Azoka birtuala ere prestatuko dute, streaming bidezko emanaldiekin eta denda birtualarekin.

3:19
Durango, gaur goizean

Urtero bezala, Durangoko Azoka abenduan egiteko asmoa adierazi du Gerediaga Elkarteak; izan ere, "uneotan ziurgabetasuna nagusitu arren, Azoka normaltasun berrira egokitzeko erabakia" hartu du elkarteak. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Arantza Atutxa elkarte horretako kudeatzaileak eman dute erabakiaren berri.

Kulturak konfinamenduan izan duen "paper garrantzitsua" azpimarratu du Mujikak, baina kultura sektore kaltetuenetako bat izan dela nabarmendu du. Gaur egun bizi dugun egoera honek, ordea, kultura zeinen beharrezkoa dugun ohartzeko balio izan duela esan du, eta kultur sortzaileek egoerari eutsi diotela gaineratu du.

Gerediaga Elkarteak mezu baikorra zabaldu nahi du aurtengo ediziorako aukeratutako 'TaupaDA!' leloarekin. "Euskal kulturgintzari hauspoa emanda, bizia ematen jarraitu nahi du, babestu eta bizi dagoela erakutsi. Durangoko Azokak, beste urte batez ere, euskal kulturaren topaleku izaten jarraituko du", esan dute antolatzaileek.

Azoka birtuala ere izango da

Lau eguneko azoka izango da, abenduaren 5etik 8ra, larunbatetik asteartera. Ostiraleko goiza, alegia, ikasleei zuzendutakoa, digitalean moldatutako programazioan oinarrituko dute aurten.

Horrela, aurten Durangoko Azoka egoera berrira moldatzeko lanean ari da jada Gerediaga Elkartea. Horretarako, azokaren ekosistemako eragileekin bildu da, eta guztien ekarpenetatik egituratzen ari dira aurtengoa.

Egoera berri honetan kontuan izan beharreko osasun eta segurtasun neurriak betetzeko, protokolo berezia prestatzen ari da. Helburu nagusietako bat jende-pilaketak saihestea izango da, eta sarrerak kontrolatuko dituzte horretarako.

Egitarauari dagokionez ere, eta osasun eta segurtasun protokoloari jarraituz, zuzeneko aurkezpen, emanaldi eta ekitaldiak murriztu egingo dira, eta ikusle kopuru murriztu eta kontrolatu batentzako izango dira. Emanaldiak streaming bidez eta nahieran webgunetik jarraitzeko aukera egokituko dute.

Azokak berak ere, online bertsioa izango du. 2020ko argitalpen eta produktuen denda birtuala izango du webgune ofizialak. Beraz, etxetik azokara sartu, urteko nobedadeak erosi eta erositakoa etxean jaso ahalko du nahi duenak.

Halaber, 55. Durangoko Azokaren nondik norakoak prestatzeko lan handia dute oraindik, Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzailearen hitzetan, baina antolaketa "momentuko egoerara, eta, ahal den heinean, egokitzen joango gara", azpimarratu du.