Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Laugarren edizioa

Lan digitalak hartuko ditu kontuan aurten Durangoko Azokaren Sormen Bekak

N. V. | EITB Media

Euskarazko sortzaile berrien lana bultzatzera bideratuta dago Durangoko Azokaren 15.000 euroko laguntza.

  • Mikel Uriguena, Nerea Mujika eta Ane Abanzabalegi

    Nerea Mujika (erdian) eta Mikel Uriguena eta Ane Abanzabalegi Durangoko zinegotziak

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko Azokaren Sormen Bekaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur, asteartearekin.

Aurreko hiru urteetan literatura, musika eta ikus-entzunezko proiektuak lagundu eta gero, 2021ean “kultura digitala” hartuko du aintzat “euskarazko  sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei  bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea” helburu duen 15.000 euroko dirulaguntzaren deialdiak.

“Praktika edota espresio artistiko baten oinarritutako lan digitala sarituko da, baina fisikotasunarekin uztartu ahal izango da”, Durangoko Azokaren arduradunek gaurko aurkezpenean zehaztu dutenez.

18 urtetik gorako sortzaileek banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dituzte beren lanak, 2021eko irailaren 21a baino lehen, posta elektronikoz.

Epaimahaiak aukeratutako lanaren berri Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango dute, abenduaren 3tik 8ra, eta kontuan hartuko dute proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta proiektuaren aurrez aurreko defentsa

Urtebeteko epea izango du hautatuak proposamena burutzeko eta Durangoko 57. Azokan erakutsiko du emaitza, 2022an.

“Azoka ezberdina”

2021eko Durangoko Azokari buruz galdetuta, Nerea Mujikak aurreratu du aurtengoa ez dela iazkoa bezalako Azoka izango, “baina ez da duela bi urtekoa bezalakoa ere izango”, erantsi du. Behin betiko erabakia, nolanahi den, irailean hartuko dute, egoera sanitarioari begira.