Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

''Bar Gloria'' eleberria

Gloria taberna, Ahotsenean zabalik

Natxo Velez | EITB Media (Durango)

Nerea Ibarzabalek "Bar Gloria" (Susa, 2022) eleberria, hizkera zehatz eta dotorez irudi zoragarriak marrazten dituen lana, aurkeztu du Durangoko Azokako Ahotsenea gunean.

  • Nerea Ibarzabal idazlea eta Iñigo Astiz kazetaria, "Bar Gloria" aurkezteko saioan

    Nerea Ibarzabal idazlea eta Iñigo Astiz kazetaria, "Bar Gloria" aurkezteko saioan

Behegaineko zerrautsa; "bizitzari darion distira oro motelduta" duen idi buru disekatua; zigarroen ke laino trinkoa; pattarraren eta bermutaren usain gozo eta likitsa; Migel, Ana eta Rakel pertsonaiak, berorien arteko hitz-aspertuak eta elkarri inoiz esan gabeko hitz itoak falta ziren gaurkoan, baina Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolariak (Markina-Xemein, 1994) Bar Gloriako ate ugarietako bat ireki dio publikoari Durangoko Azokan, Ahotsenea espazioan eskainitako aurkezpenean.

Aretoa mukuru bete duten irakurzaleen aurrean, Bar Gloria eleberria aurkeztu du idazleak, etorri aberats eta adierazgarriz zein hizkera argi, argitsu, malgu, ausart eta bide-urratzailez irakurlearen buruan irudi ederrak ehuntzeko (Ana pertsonaiaren Super 8 kameraz hartuak balira bezala) eta giro gogoangarriak pizteko ahalmena duen lana.

"1970eko eta 1980ko hamarkadetako Euskal Herriko edozein herri industrialean" kokatutako istorioa alderik alde zeharkatzen duen giro grisa hasiera-hasieratik markatu zuen Ibarzabalek, liburua zabaltzen duen paragrafotik bertatik ("hortik hasi nintzen idazten", aitortu du idazleak). Hala zehaztu dio arratsaldeko solasaldian Iñigo Astiz idazle eta kazetariari: "Hasieratik agertu zitzaidan tonu hori, eta nire obsesio edo beldurra izan da irakurleak berdin ikustea nik ikusten dudan hori".

Nerea Ibarzabal, Ahotseneko saioan

Nerea Ibarzabal, Ahotseneko saioan

Astizen hitzetan tramak baino gehiago kontatzen dena kontatzeko moduak definitzen duen liburua eszenatan banatuta dago, hogeita zazpi ataletan, Ibarzabalek azaldu duenez, "bizitza ere gertuago baitago eszena-kateatzea izatetik E egunean gertatutako zerbait eta horren ondorioak bakarrik izatetik baino".

Nerea Ibarzabalentzat prozesu "oso ederra" izan da bakarka sinatu duen lehen liburua idaztea (Txakur Gorria taldearen babesean argitaratuak ditu lehendik ere zenbait obra), aurkezpen saioa bukatzeko esan duenez: "Pilo bat ikasi dut. Obsesio oso fuertea izan da, baina ondo".

Ondo hartu dute ahalegina, halaber, irakurleek; Susa argitaletxekoek esan digutenez, atertu barik ari da saltzen Bar Gloria liburu dendetan (bada mundu bat, Durangoko Azokaz haraindi) eta Azokan bertan. Dauden tokian daudela, topa egingo dute, seguru, Anak, Rakelek eta Migelek, kopa bana bermut, gintonic edo vacaverde eskuan.