Durangoko Azoka
Elkarrizketa Radio Euskadin
"Durangoko Azoka ez da saltoki erraldoi bat soilik, egun osorako plana eskaintzen du"
eitb media
Azoka antolatzen duen Gerediaga Elkartearen koordinatzaileak esan du "guztia antolatuta" dutela asteazkenean, 10:00etan, 58. edizioaren ateak irekitzeko.
-
Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkartearen koordinatzailea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB
Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga Elkartearen koordinatzaileak azokan "egun osoko plana" egitera gonbidatu ditu herritarrak, azoka ez delako "saltoki handi bat soilik".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "guztia" dute antolatuta, eta "muntaiari azken ukituak" ematen ari zaizkio Durangoko Azokaren 58. edizioak abenduaren 6an, 10:00etan, ateak ireki ditzan.
265 ekitaldi, 900 literatur berritasun, 260 erakusleiho eta abarrekin, Gaztelurrutiak esan du euskal kultur ekoizpena "oso handia" dela "hain komunitate txikia izanda", eta "hartzaileak" falta zaizkiola. Horren harira, azpimarratu du "euskara geroz eta gehiago erabili, orduan eta hartzaile gehiago" izango dituela euskal kulturak.
Hala eta guztiz ere, argitu du azoka ez dagoela publiko euskaldunari bakarrik zuzenduta, eta azpimarratu du eskaintzaren "aniztasunak publiko guztientzako" ekitaldi bihurtzen duela.
Gaztelurrutiak ekitaldiaren egitarau zabala azpimarratu du, dena ez baita liburu, disko eta bestelakoen dendara mugatzen. Horregatik, bertara joatekoak direnei aholkatu die egitaraua aztertzea eta "plana aurrez pentsatzea eremu batetik bestera ibiltzeko".
Gerediaga Elkartearen koordinatzaileak gogorarazi duenez, aurten ez da online dendarik egongo, egiaztatu egin dutelako jendeak nahiago duela azokara joan, nahiz eta ez duen baztertu datozen edizioetan zerbitzua berriro eskaintzea.
Azkenik, Gaztelurrutiak azaldu du azken urteetan indartu egin dutela elkarlana Durangoko Arte eta Historia Museoarekin, eta aurten hil berri den Agustin Ibarrolaren erakusketa bat ikusi ahalko dela. Gainera, eta xehetasunetan sartu gabe, iragarri du datorren urterako "euskal artista handi baten erakusketa" prestatzen ari direla haren jaiotzaren 100. urteurrena baliatuz (Nestor Basterretxea?).