Euskara
Euskaltzaindia
Andres Urrutia: 'Gizarteari gerturatzeko ahalegin bat eskatu genuen'
Natxo Velez | eitb.com
Euskaltzainburua ' Egun on Euskadi' ETB-1eko saioan egon da. Akademiaren barruko desadostasunak "bideratutzat" eman ditu bertan, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin aurretxoan.
Andres Urrutia Euskaltzaindiko burua 'Egun on Euskadi' ETB-1eko saioan egon da, eta, Gramatika Batzordeko kide gehienek dimisioa eman ondoren abenduaren 20an Baionako osoko bilkuran abiatutako gogoetaldiari esker, bideratutzat eman ditu ezadostasunak: "Erakunde barneko demokraziak aurrera egin du, eta bideratu egin ditugu gure arteko desberdintasunak", esan du Urrutiak.
Euskaltzainburuaren hitzetan, "iritzi ezberdinak izatea ona da, gizartean bizi gara eta haren isla gara, haren on-gaitz guztiak ditugu. Erakunde barruko organoetan bideratzen dira iritzi ezberdinak, eta ahalegin horiek fruitua eman dute".
Akademian izandako tirabirak bezalakoak "antolakunde guztien barruan gertatu ohi diren gauzak" direla esan du Urrutiak: "Gramatikaren gaian irizpide ezberdinak agertu ziren, lanok gizarteratzeko ereduaren inguruan. Batzuetan Akademia gizartetik oso urrun dagoela esaten da, eta gerturatzeko ahalegin bat eskatu zuen zuzendaritzak. Orduan, batzuek baztertu egin zituztela sentitu zuten. Abenduko bileran, aho batez gogoetaldia zabaltzea erabaki genuen, zuzendaritzak gogoetaldia bideratu du eta gaia bideratuta dago".
Ez da "traizionatuta" sentitu Urrutia, eta, haren berbetan, "guztiz onuragarria eta mesedegarria da euskararentzat iritzi ezberdinak izatea. Baina iritziok bideratzen jakin behar da. Ez dugu kanposantuko isiltasunik nahi. Euskaltzaindiak beste eztabaida luze batzuk izan ditu bere historian: euskara batua, h-a...".
Euskaltzaindia, "gizartearen zerbitzura"
Hain zuzen ere, Akademiaren lan moldearen inguruan bi korronte daudela esatea, ikuspegi "akademizistak" eta ikuspegi "gizatiarragoak" talka egiten dutela esatea, "larregi sinplifikatzea" da, Urrutiaren ustez. Haren aburuz, "orientazioaren ikuspegitik, bateragarriak dira bi korronte horiek. Sozietate zientifiko bati dagokion lana egin, eta hori gizarteratu behar dugu". Inputa eta outputa definitu; izan ere, jai dugu biotako bati lehentasuna ematen badiogu. Ez dugu ahaztu behar Euskaltzaindia gizartearen zerbitzura dagoela, eta ez aldrebes. Akademiarik gabeko hizkuntza asko daude; kontrakorik, ordea, ez".
Gramatikaren esparruan, Euskaltzaindiak bilduta du testu arau-emailea, eta orain nola gizarteratu aztertu behar du. Espainiako Akademiak, adibidez, modu zabal batean eman du, eta, gero, beste lan batzuk egin ditu, horretatik abiatuta, "gizartearen mailan jarrita". Euskaltzaindiari dagokionez, "irakurle kultuari, bitartekotza edo arartekotza kulturalean diharduenari, tresna bat emateko lanean ari gara, eta, hedatzeko, bi bideei eustea erabaki dugu: gramatika lan mardula egin, eta gero hori laburtu eta gizarteratu, eskuliburu formatuan, euskarri elektronikoan. Bi bideak bateragarri dira. Eskuliburuan, Euskaltzaindiak emandako arau, gomendio eta irizpenen... sintesia, laburbilketa, egingo dugu".
Amaitzeko, Euskaltzaindiaren etorkizuneko betebeharrari, ereduari, buruz mintzatu da Urrutia: "Euskalgintzan ari diren eragileen bilkura, batuketa, izan behar da. Bitartekari linguistiko eta kulturala izan behar da, elite kontzeptutik ihes eginda, eta egun eskura dituen baliabide guztiak erabili behar ditu lan horretan, euskararen inguruko giroa, kultura, bultzatzeko".