Itxi

Euskara

Irakaskuntza

Euskara eta Euskal Kultura, Tokioko Unibertsitatean ikasgai

Erredakzioa

Tokioko Atzerriko Ikasketen Unibertsitateak Euskara eta Euskal Kulturako irakurletza zabalduko du datorren urtean.

Etxepare Euskal Institutuak munduko unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kulturako irakurletza sarea Japoniara helduko da. Datorren urtean, Tokioko Atzerriko Ikasketen Unibertsitatean euskara eta euskal kulturaz gehiago jakiteko modua egongo da; Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak eskaintza akademiko berria bermatuko duen lankidetza hitzarmena sinatuko dute udazkenean.

Unibertsitateak School of International and Area Studies eta School of Language and Culture Studies fakultateetan  euskal hizkuntzako, kulturako, gizarteko eta historiako ikasketei ekiteko konpromisoa hartuko du. Gainera, lizentziako eta graduondoko ikasketen programetan sartuko ditu ikasketok, bai eta antzeko maila eta iraupeneko ikastaroei dagokien kreditu kopuru bera eman ere. Ikasketa horiek  sustatzeko jarduera akademikoak eta ikerketarekin lotutakoak ere antolatuko ditu unibertsitateak, hala nola, mintegiak, hitzaldiak, solasak, sinposioak, etab.

Tokioko Atzerriko Ikasketen Unibertsitatearen xedea munduko hizkuntzak eta kulturak irakastea da, modu teoriko zein praktikoan, bai eta haiei buruzko ikerketa sustatzea.

Datorren urtean 27 irakurlek (irakaslek) osatuko dute guztira Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarea, 17 herrialdetako 34 unibertsitateetan.