Itxi

Euskara

Euskaltzaindia

Urrutiak zapore 'gazi-gozoa' hauteman du normalizazioaren inguruan

Erredakzioa

Euskararen normalizazio prozesuak 30 urte egin dituenean, "zaila" da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren ustez,  bide hori inoiz amaitutzat ematea, "hizkuntzak, gizarteak bezala, aldakorrak baitira"

Andres Urrutia euskaltzainburuaren iritziz, "zapore gazi-gozoa" dute herritarrek, euskarak normalizazioaren bidean 30 urte egin dituenean, gaur egun erabilerak euskal gizartearen esparruetan hartu duen hedapen mailari dagokionez.

"Esparru batzuetan, Hezkuntzan eta komunikabideen arloan berbarako, aurrerakada handia egin da, baina, dirudienez, beste alor batzuetan gauzak ez dira horren ondo garatu”, esan du Urrutiak.

Urrutiak "aurrerakada murritzagoa" izan duten esparruei buruz esan duenez, "nire ustez, argi dago familia barruko transmisioan atzera egin dugula eta zulo hori hezkuntzaren bidezko transmisioari esker bete dugula”.

"Administrazio mailan ere asko dago egiteko, baita maila sozioekonomikoan ere", erantsi du.

Euskaltzainburuak Efe albiste agentziari emandako elkarrizketa batean esan duenez, "hizkuntzaren bilakaera gizarteari dagokio, eta, gizarteak zein, hortaz, hizkuntzak aldakorrak direnez, zaila da euskararen normalizazio prozesua amaitutzat ematea, hasi zenetik dagoeneko 30 urte joan badira ere".

Urrutia Akademiaren hurrengo proiektuei buruz ere mintzatu da, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren edizioari buruz esaterako. 40.000 sarrera prest daude dagoeneko, eta, horrekin, “lexikografia mailan, inguruko bi hizkuntzen parean egongo gara”, esan du.

Beste erronka batzuk dituzte aurretik euskaltzainek, hala nola Euskararen Historia Soziala, Euskal Literatura Testuen Antologia eta Euskalkien Hizkuntza Atlasaren seigarren liburukia sortzea.

Atlasean, gainera, tokian tokiko hiztunen grabazioak sartuko dituzte, toki jakin batean hitz baten zein forma erabiltzen zen irakurri ez ezik, bertako hiztun batean ahotsean entzun ere ahal izateko.