Itxi

Euskara

Zuzentzailea

Hobelex zuzentzaile ortografiko eta lexikoa aurkeztu dute

N.V. | EITB.EUS

Errata-salatzailea ez ezik, zuzentzaile lexikoa ere bada Hobelex: "baztertutako" edo "bigarren mailakotzat jotako" hitzak markatu, eta arauetan hobetsitakoak edo gomendatutakoak proposatzen ditu.

Euskaraz idazten dutenek erreminta berri bat dute eskuragarri doan, Interneten, gaurtik aurrera: Hobelex. Akats ortografikorik gabe ez ezik, Euskaltzaindiaren irizpide lexikoen arabera ere idazteko balio du tresna berriak.

Hobelex Imanol Urbieta eta Miriam Urkia UZEIko, zuzentzailea sortzeaz arduratu den elkarteko, ordezkariek aurkeztu dute. Microsoft Officen instalatu behar da erreminta, UZEIren webgunetik doan jaitsi eta gero.

Urkiak azaldu duenez, Hobelexek egunero berriztatzen du hizkuntza informazioa, eta egunero aztertzen ditu, gisa berean, hedabideetan eta bestelako euskarrietan zabaldutako euskarazko testuak.

"Adin txikiko" eta beste

Erabiltzailea testuan aurrera doan heinean, zuzentzaileak akats ortografikoak, gaitzetsitako hitzak edo hiztegiak jasotzen ez dituen sarrerak gorriz azpimarratzen ditu.

Berdez, berriz, erabat oker ez izanagatik arauen arabera hobeto esan daitezkeen formak azpimarratzen ditu. Testugileak “adin txikiko” idazten badu, esaterako, zuzentzaile ortografiko ohikoek ez dute ezer adieraziko, testua ondo idatzita baitago. Hobelexek, baina, “adingabe” proposatuko du kasu horretan, hori baita Euskaltzaindiak 18 urtetik beherakoentzat proposatutako forma, eta “adin txikiko” berdez azpimarratuko du.

Hitzak zuzentzeko, erakuslea dagokion hitzaren gainean jarri behar da eta, saguaren eskuineko botoia sakatutakoan, proposamen zerrendatik ordain egokiena aukeratu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskaraz