Itxi

Euskara

Ikerketa

Interneteko joko batek euskarazko zenbat hitz dakizkigun neurtzen du

Erredakzioa

BCBL zentroak eta EHUk aplikazio bat prestatu dute, euskarazko hitzei lotutako mekanismo psikolinguistikoen berri jasotzeko. Erabiltzaileak euskarazko zenbat hitz dakizkien neurtzen du.

Basque Center on Cognition, Brain and Language neurozientzia zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak aplikazio bat prestatu dute, pertsona batek euskarazko zenbat hitz dakizkien bost minutuan neurtzeko.

BCBLk ohar batean iragarri duenez, “Hiztegi proba” izeneko on line jokoan parte hartzen dutenek sistemak proposatutako hitzak euskarazkoak ote diren erabaki behar dute.

Euskaldunen hiztegi maila neurtzea da ikerketaren helburua, jokoan ari direnek euskara ama hizkuntza ote duten, ikasten ari diren eta beste aldagai batzuk kontuan hartuta. Horrela, irakurleek euskaraz idatzitako hitzak zelan deskodetzen eta prozesatzen dituzten argitu nahi dute.

Manuel Carreiras eta Jon Andoni Duñabeitia Donostiako BCBL zentroko doktoreek gaztelaniaz egindako antzeko ekimenaren kariaz, EHUko Euskara Insititutuarekin eta Ganteko unibertsitateko hainbat kiderekin batu ziren zentro horretako ikertzaileak, euskarazko bertsio bat egin eta euskara ama hizkuntza dutenen eta ez dutenen arteko aldeak ikertzeko.

Aplikazioa erabilgarri dago honezkero, nola euskarri mugikorretan hala ordenagailuetan, eta erabiltzaileek erakusten zaizkien hitzak euskarazkoak diren edo ez erabaki behar dute, joko labur batean.

Gainera, ezagutzen ez dituzten hitzen esanahia zuzenean kontsultatu ahal dute probaren egileek.

Jon Andoni Duñabeitia ikertzaileak azaldu duenez, “lurralde eta hizkuntza profil ezberdinetako euskal hiztunek euskarazko zein hitz ezagutzen dituzten ikuspegi objektibo batez jakin ahalko da aplikazio honi esker”.

Ikertzaileek euskarazko hitzei lotutako mekanismo psikolinguistikoen berri jaso ahalko dute jokoari esker.