Euskara
Curriculum berria
Helduen euskalduntze mailak Europakoekin parekatu dira
Erredakzioa
Orain arte euskararen ikasketa prozesuaren maila zehazten zuen markoak 4 maila zituen, eta aurrerantzean, berriz, sei izango dira.
-
Joseba Erkiziak, Cristina Uriartek eta Patxi Baztarrikak aurkeztu dute curriculum berria.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Erkizia HABEko zuzendariak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum (HEOC) berria aurkeztu dute gaur Donostian. Curriculum berriak, Europako markoaren 6 mailak (A1, A2, B1, B2, C1, C2) definitzen ditu lehen aldiz.
Orain arte indarrean egon den azken curriculumak 4 mailatan definitzen zuen ikas prozesua. 4 maila horiek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren goiko lau mailekin baliokidetuta zeuden 2008ko baliokidetza Dekretuaz geroztik.
Gaur aurkeztu den curriculumak, berriz, 6 maila definitzen ditu. Horrela, lehenengo aldiz, guztiz egokitzen ditu mailak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren 6 mailetara: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.
A1 eta A2 mailak berriak dira, eta, orain, maila hauek zehaztu dituzte komunikazio gaitasuna bereganatzeko bidean :
A1 Hasierako erabiltzailea
A2 Oinarrizko erabiltzailea
B1 Erabiltzaile independentea
B2 Erabiltzaile aurreratua
C1 Erabiltzaile gaitua
C2 Erabiltzaile aditua
HEOCek gaitasun komunikatiboa du helburu, hiztun erabiltzaileak sortzea. Horregatik, ekintza komunikatiboan oinarritutako ikaskuntza bultzatzen du. Hizkuntza-edukiak ez dira helburua, baizik eta hizkuntza-baliabideak eskuratzea komunikatzeko gai izateko