Itxi

Euskara

UZEI-REN ZERRENDA

'Doula', 'prekariatu', 'mozal-lege'… Zer hitz ikasi ditugu 2015ean?

Natxo Velez | eitb.eus

UZEI euskararen lexiko espezializatuaren nahiz lexiko orokorraren esparruan diharduen Terminologia eta Lexikografia Zentroak 2015ean zeresan handia eragin duten kontzeptuen zerrenda egin du.

  • 'Mozal legea' kontzeptua barra-barra erabili dugu 2015 honetan, besteak beste.

    'Mozal legea' kontzeptua barra-barra erabili dugu 2015 honetan, besteak beste.

“Espetxealdi iraunkor berrikusgarri”, “doula”, “mozal-lege”, “foru-nazio”… Errealitatearen lorratzean ibiltzen da hizkera, etengabe aldatzen den panorama izendatzeko zereginean. Izate berriak izendatzeko, hitz berriak sortzen edo ahaztutako beste batzuk gaurkotzen aritzen gara, tai gabe.

Horren jakitun, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak aurten askoren ahotan ibili diren hitz, termino eta esamolde berri batzuk eta, lehendik ezagunak izan arren, aurten garrantzi berezia izan duten beste batzuk hautatu ditu. Horiekin guztiekin, hamasei hitzeko zerrenda egin du: “duineztasun nazionala”, “espetxealdi iraunkor berrikusgarria”, “fontarnauita”, “doula”, “errepublikano”, “mozal-lege”, “prekariatu”, “naumakia”, “turker”, “ortorexia”, “panorama-askatasun”, “erregistratze-esparru”, “foru-nazio”, “dulantzi”, “inputatu” eta “Biltzar Nagusi”.

Duineztasun nazionala delitu zahar baten izena da. Bigarren Mundu Gerrako kolaborazionistak zigortzeko Frantzian indarrean izandako delitua berriz indarrean jartzea eskatu zuen UMP alderdiak urtarrilean, terrorista frantsesei nazionalitatea kentzeko, eta gaur-gaurko elkarrizketetara lerratu da horrela.

Handik gutxira, aurtengo otsailean, auzitegiekin lotutako beste hitz bat ikasteko aukera izan zen, Espainiako Alderdi Popularrak eta PSOEk otsailaren 22an sinatu zuten terrorismo jihadistaren aurkako itunaren kariaz: espetxealdi iraunkor berrikusgarria.

Otsailaren 4an, Bartzelonako Unibertsitateko zientzialari batzuek mineral berri bat aurkeztu zuten, eta, material berria izendatzeko, hitza asmatu behar: fontarnauita deitu zioten sodiozko eta estrontziozko gatz bikoitz aurkitu berriari, Ramon Fontarnau ikertzailearen omenez.

Espainiako Erizaintzaren Kontseilu Nagusiak otsailaren 16an plazaratu zuen txostenak doula hitza ahanzturatik atera eta hitzetik hortzera ibilarazi zuen. Haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan amari informazioa eta laguntza emozionala eskaintzen dizkion laguntzailea da.

Eta legeekin lotutako beste hitz bat ere erabili eta, ondorioz, hiztegiratu behar izan da aurten. Espainiako Diputatuen Kongresuan martxoaren 26an onartutako legearen harira, barra-barra zabaldu da aurten mozal-lege terminoa.

Prekariatu terminoa ere zabaldu da, tamalez, murrizketek eta lan-erreformek eraginda. Guy Standing ekonomialariak erabili zuen hitza lehenengoz, Euskaltermek zehazten duenez hau esan nahi duen kontzeptua izendatzeko: “Lan-baldintza prekarioetan eta etengabe ziurgabetasunari aurre eginez lan egiten duten langileek osatutako gizarte-klasea, gizarte-klase izatearen kontzientziarik ez duena”.

Gainera, hauteskundeak zirela-eta, maiatzean Madrilgo El Retiro parkeko uretan naumakia egitea proposatu zuen alkategai batek. Proposamenak zeresan handia eragin zuen sare sozialetan, eta batek baino gehiagok hiztegietara jo behar izan zuen alkategai hark itsasontzien arteko borroka-ikuskizunak egitea proposatu zuela jakiteko.

Maiatzaren 27an, Munduko Osasun Erakundeak ortorexiaren arriskuak azpimarratu zituen. Ustez osasungarriak diren elikagaiak soilik jateko kezka neurrigabean datza ortorexia.

Ekainaren 30ean jakin genuen eraikin publiko bati edo eskultura bati ateratako argazkia erabiltzeko eskubidea arautu nahi zutela Europako Parlamentuan. Panorama-askatasuna deitzen zaio eskubide horri, eta Frantzian jada araututa dago. Adibidez, Eiffel dorrearen egile-eskubideak jada indarrean ez daudenez, dorreari egunez ateratako argazkiak erabil omen daitezke, baina ez gauez ateratakoak, argiztapenaren diseinuaren egile-eskubideak indarrean baitaude.

Migratzaileen krisiak ere utzi ditu hitz berriak, edo, batzuen ustez, drama arintzeko hitz erosoagoak. Gerratik ihesi joandakoak batzeko sortzen ziren eremuei, lehen “kontzentrazio-esparru” deitzen ziren horiei, erregistratze-esparru deitzeko eskatu zuten EBko herrialde batzuek.

Foru-nazioaren kontzeptua Iñigo Urkullu lehendakariak erabili zuen, Espainiarekin “foru-nazioa” errespetatuko duen aldebiko ituna lortu nahi zuela esan zuenean.

Agur, beste hitz batzuei

Hitz berriak ekarri dizkigun gisan, beste batzuk desagerrarazi ere egin ditu urteak. Abenduaren 1ean, esaterako, agur esan zien Espainiako araudiak inputatuei. Prozedura Kriminalaren Legearen erreforma egun horretan sartu zen indarrean, eta, geroztik, ‘delitu batekin erlazionatuta egoteagatik auziaren instrukzioan ikertutako pertsona’ ez da inputatua izango, ikertua baizik. Aldiz, instrukzioa amaitutakoan, delitu batean parte hartu izana formalki egotzi zaionari auzipetu esango zaio.

Egun horretan bertan, abenduaren 1ean, beste izendapen bati agur esan genion; lehen Biltzar Nagusiak genituen Araban eta Batzar Nagusiak Gipuzkoan eta Bizkaian. Jada, Batzar Nagusiak dira hiru lurralde historikoetakoak.