Publizitatea
Itxi

2016/10/28

11:34

Euskara

Osoko bilkura

Euskaltzaindiak zuzendaritza taldea berretsi du, osoko bilkuran

eitb.eus

Hizkuntza Akademiaren buru Andres Urrutia izango da datozen lau urteetan ere, euskaltzain osoek gaurko bileran hartutako erabakiaren arabera.

1:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskaltzaindiak osoko bilkura egin du gaur Bilbon, 10:00etan hasita, zuzendaritza berretsi edo aldatzeko, eta, euskaltzain osoen botoen bidez, Andres Urrutia buru duen zuzendaritza berrestea erabaki dute.

Datozen lau urteetan Euskaltzaindiaren jarduna gidatuko duen lantaldea aukeratu dute batzarrean, eta euskaltzainek Andres Urrutia berretsi dute euskaltzainburu karguan. Aurrerantzean ere, bere ondoan izango ditu orain arte zuzendaritzako kide izan direnak: Xarles Videgain (buruordea), Xabier Kintana (idazkaria), Sagrario Aleman (diruzaina), Adolfo Arejita (Iker sailburua) eta Jean-Baptiste Coyos (Jagon sailburua).

Euskaltzainen babesaren berri jakindakoan, zuzendaritzaren ordezkariek beren lehen egitekoa orain arte indarrean egon den Plan Estrategikoa ebaluatzea eta Plan Estrategiko berria diseinatzea izango dela adierazi dute. Horrez gain, Akademiak egiten duen lana gizarteratzea, elkarte-erakundeen arteko harremanak indartzea eta erabiltzaileen beharrei eraginkortasunez erantzutea izango dira 2017-2020 aldirako lehentasunak, Urrutia buru duen taldearen arabera.

"Akademia modernoa eta hurbila behar du euskarak, eta horiek dira gure etorkizuneko asmoak: erabiltzailearengandik gertu egon, Akademiaren etxeko ateak gizarte guztiari zabaldu eta gure zerbitzu bokazioa areagotu, zorrotz jokatuz”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Zuzendaritza honen agintaldian ospatuko du, gainera, Euskaltzaindiak mendeurrena, 2019an.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;