Itxi

Euskara

Urteko txostena

Euskal hiztunentzako 'gune babestuak' eskatu ditu Behatokiak

eitb.eus

Erabat euskaraz bizitzeko bidean emateko urrats gisa, “euskaldunok eroso sentitzeko guneak” sortu beharra aldarrikatu du elkarteak ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an’ lanaren aurkezpenean.

  • Arantza Haranburu eta Edurne Arrizibita

    ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an’ txostena aurkeztu du Behatokiak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostenaren aurkezpena egin du, Iruñean. Arantza Haranburuk eta Edurne Arrizibitak eman dute ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an’ lanaren berri. Euskaldunok iaz ere, zerbitzu publiko zein pribatuetan, “hutsune handiak” aurkitu dituztela jasotzen du idatziak.

Prentsaurrekoan, “euskaldunontzat eroso sentitzeko guneak” sortu beharra aldarrikatu dute, euskaraz osoki bizitzeko bidean emateko urrats gisa.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak 70 urte beteko ditu aurten eta hori gogora ekarri dute agerraldian, idatzi horrek aitortu egiten baitu beste edozein eskubide gozatzerik badugula eta ezin zaigula hizkuntzarengatik bereizkeriarik eragin.

“Euskaraz bizi nahi duten herritarren bizipenak dira hizkuntza-eskubideen egoeraren neurgailurik egokiena”, Haranburuk esan duenez, “eta urtez urte errepikatzen ari garena errepikatu beharrean gaude baita gaur ere.  Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak aurkitu dituzte 2017. urtean euskaraz bizi nahi duten herritarrek”.

Iazko txostenaren aurkezpenean, langile publikoen kontratazio irizpideak aldatu beharra jarri zuen mahai gainean Behatokiak: “Administrazioek ezin dute herritar guztien aukera berdintasuna bermatu artatzen duen langileak administratuak hautatutako hizkuntza ez badaki”.

Aurten, Behatokiak beharrezkotzat jo du euskal hiztunentzat gune babestuak lortzea, espazio seguruak. Ildo horretan, Donostia Ospitaleko errehabilitazio unitatean sortutako zirkuitua jarri dute adibide.

Nafarroako egoerari bereziki erreparatu diote Iruñeko aurkezpenean. “Nafarroako herritarren aldetik jasotako kexetatik askok agerian utzi dute Euskararen Lege berria behar dela. Zonifikazioak herritarren desberdinkeria sortzen du eta hori gainditu beharra dago”.