Itxi

Euskara

Hizkuntza politika

Ia bi milioi euro 2019an, Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko

eitb.eus

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euro inbertituko dituzte euskarazko irakaskuntza, euskaltegiak, euskarazko hedabideak eta aisialdirako jarduerak bultzatzeko.

  • Miren Dobaran, Beñat Arrabit eta Bernadette Soule

    Miren Dobaran, Beñat Arrabit eta Bernadette Soule hitzarmenaren aurkezpenean

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euro inbertituko dituzte 2019an Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko: lankidetzarako funts horren bitartez euskarazko irakaskuntza, euskaltegiak, euskarazko hedabideak edota aisialdiaren alorreko jarduerak lagunduko dituzte diruz. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarriko ditu eta Euskararen Erakunde Publikoak, berriz, 1.530.000 euro.

Hitzarmena aurkezteko Baionan egin duten agerraldian Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak esan duenez, “euskararen lurraldeen arteko lankidetzari dagokionez, azken urteak bereziki oparoak izaten ari dira. Elkarlanerako borondate argia dago azken urteoetan”.

Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena eskertu du: “eskertzekoa da Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta ekarpena, posible egingo baitu Ipar Euskal Herriko elkarte eta eragile pribatuek euskararen transmisioa eta erabilera garatzeko dauzkaten proiektuak aurrera ateratzen laguntzea”.

Lankidetzarako funtsa bi diru multzotan banatuta dago: 1.575.000 euro Ipar Euskal Herriko 9 eragile jakinentzat; eta 355.000 euro Ipar Euskal Herriko beste hainbat eragile pribaturi zuzenduta.