Itxi

Euskara

Doktorego tesia

EHUk eta UEUk 'Euskararen normalizazioa' ikerlana argitaratu dute

eitb.eus

Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuaren buruaren ikerlanak euskararen normalizazioaren historia errepasatzen du, 1960ko hamarkadatik gaur egunera.

  • Asier Larrinaga

    Asier Larrinaga, EiTBko Euskara Zerbitzuaren buru eta ikerlanaren egilea

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak Euskararen normalizazioa. Ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra Asier Larrinaga Euskal Irrati Telebistako Euskara Zerbitzuaren buruaren doktore tesia argitaratu dute.

Lanak euskararen normalizazioaren historia biltzen du, 1960tik hasi eta gaur egunera arte. Euskara galzoriko egoeratik atera eta suspertzeko helburu jatorrizkotik hasita, erakundeek eta euskalgintzak egindako bidean bereiz daitezkeen aldiei, zehaztu diren politikei eta aurrera eraman diren ekimenei begiratu die Larrinagak 350 orriko lanean, arreta handia jarrita komunikazio publikoari, normalizazio-eragileen arretagune nagusietako bati.

Euskal Telebista 1982an sortu zen, Larrinagak lana aurkezteko orduan gogora ekarri duenez, besteak beste euskara eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko, eta liburuan jasota ageri da ETBk euskara telebistarako lantze aldera eta euskara batua ahozko erabilerara egokitzeko xedez egindako lana.

Halaber, oro har, hizkuntza gutxituko hedabideek XXI. mendeak aurkitu dituzte erronkei buruz ere aritzen da lanean hizkuntzalaria: eragile berrien lehia, hizkuntza jarrera berriak eta hedabideak kontsumitzeko modu berriak, besteak beste.