Itxi

Euskara

Ama hizkuntzaren eguna

25 urtetik beherako gazteen % 34k dute euskara ama-hizkuntza EAEn

eitb.eus

Otsailaren 21ean, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak ikerlan baten emaitzak argitaratu ditu.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko 25 urtetik beherako hiru gaztetik batek euskara du ama-hizkuntza, gaur ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ezagutarazi dituen datuen arabera.

Biztanleriaren azken erroldari erreparatuz gero (2016), 5 eta 24 urte bitarteko gazteen % 33,73k euskara edo euskara zein gaztelania dute ama hizkuntza (% 20,59k euskara baino ez eta % 13,14k euskara eta gaztelania). Lurraldeka, Gipuzkoa da euskara ama-hizkuntza duten gazteen kopururik handiena duen lurraldea (% 51,53); ondoren, Bizkaia dator (% 26,4) eta, hirugarrenik, Araba (% 17,44).

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, % 61,95ek dute gaztelania ama hizkuntza bakarra, eta % 4,33k dute beste ama hizkuntzaren bat.

Euskararen ezagutza kontuan hartu zuten lehen errolda-datuekiko bilakaerari erreparatuz gero, hazkunde nabarmena ikusten da.

1991n, euskara ama hizkuntza  zuten 25 urtetik beherako gazteen kopurua % 22,31koa zen, gaur egun baino ia 12 puntu gutxiago. Hazkunderik handiena izan duen lurraldea Araba izan da, laukoiztu egin da.