Itxi

Euskara

Lexikografia

"Aldaera" izan da 2021eko hitza, UZEIren eta Euskaltzaindiaren arabera

N. V. | EITB Media

Euskaltzaindiak lehen aldiz hartu du parte "urteko hitza" aukeratzeko lanean, hori aspalditik egin izan duen UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroarekin batera. Hizkuntza gizartearekin batera aldatzen den erakusgarri da hitz honek covid-19ari lotuta izan duen erabilera.

  • Covid-19arekin lotuta, hitzetik hortzera ibili da "aldaera" hitza

    Covid-19arekin lotuta, hitzetik hortzera ibili da "aldaera" hitza

Euskaltzaindiak eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak 2021eko hitza aukeratu dute: "aldaera". Prentsa oharrean azaldu dutenez, euskararentzat, aldaera ez da hitz berria, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota dago lehendik ere, baina azken hilabete hauetan ohiz kanpoko erabilera izan du pandemiarekin lotuta.

Covid-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren aldaera ugari identifikatu dituzte zientzialariek mundu osoan zehar, baina Munduko Osasun Erakundeak gomendatu du aldaerak ez izendatzea lehen aldiz identifikatu diren herrialdearen edo lekuaren arabera, herrialde edo leku horietako pertsonak ez estigmatizatzeko. Horregatik, alfabeto grekoko letrekin izendatzea erabaki du MOEk.

Horrela, Erresuma Batuan agertutako aldaerari alfa aldaera deitzen zaio, iaz Hegoafrikan identifikatutakoari beta aldaera, Brasilgoari gamma aldaera, Indiakoari delta aldaera, Perukoari lambda aldaera, Kolonbiakoari mu aldaera, eta aurtengo azaroan Herbehereetan eta Hegoafrikan detektatutakoari, berriz, omikron aldaera.

Lehen aldiz, Euskaltzaindiarekin batera

Aurten Euskaltzaindiak eta UZEIk, Akademiaren erakunde atxikiak, lehen aldiz hautatu dute urteko hitza elkarrekin. UZEIk hainbat urte daramatza kasuan-kasuan amaitzear den urteak lexikografia mailan emandakoa aztertzen eta zerrendatzen.