Itxi

Euskara

Klasikoen Irakurketa

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' etenik gabe irakurri dute Bilbon

N. V. | EITB Media

Lekeitioko idazleak abiatu du autofikziozko liburuaren irakurketa, 08:00etan, Arriaga antzokian.

0:43
Miren Agur Meabe. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Klasikoen Irakurketa Jarraituaren 16. edizioa egin dute gaur, ostegunarekin, Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, eta 'Kristalezko begi bat' Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren eleberria izan da protagonista. Bilboko Zazpikaleetan kokatutako euskaltegiaren 50. urteurrena ospatzeko ere balio izan du gaurko ekitaldiak.

08:00etatik 14:00etara, etengabe irakurri dute obra.

Lekeitioko idazleak berak irakurri ditu eleberriaren lehenengo lerroak, 08:00etan, eta ondoren beste 200 bat pertsonak hartu dute parte irakurketa jarraituan.

'Kristalezko begi bat' 2013an argitaratu zuten, eta autofikzioaren generoan koka daiteke, nahiz eta egileak "auto-imitazioa" terminoa nahiago duen liburua sailkatzeko. Meabek (Lekeitio, 1962) hainbat arlo jorratu ditu literaturan: poesia, haur eta gazte literatura eta narratiba. Apirilean, euskaltzain oso izendatu zuten.

Aurreko urteetan, Axularren 'Gero', Mogelen 'Peru Abarca', Jon Miranderen 'Haur besoetakoa', Ramon Saizarbitoriaren 'Hamaika pauso', Arantxa Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox', Bernardo Atxagaren 'Obabakoak', Gabriel Arestiren 'Harri eta herri', Joseba Sarrionandiaren 'Narrazioa Guztiak', Franz Kafkaren 'Metamorfosia', Itxaro Bordaren '%100 Basque', Txomin Agirreren 'Kresala', Anjel Lertxundiren 'Otto Pette', Mariasun Landaren 'Ipuinak' eta Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' irakurri ziren.