Itxi

Gastronomia

Egitasmoa

Martxoaren 11an hasiko da Donostiako 'Restaurant Week'

23 jatetxek 25 euroko menuak eskainiko dituzte, denboraldiko produktuekin. Gipuzkoa gastronomia aberatseko toki gisa bultzatu nahi dute turisten begietara.

Gipuzkoa gastronomia aberatseko toki gisa bultzatu: hori du helburu Gipuzko Restaurant Weeken hirugarren edizioak. 23 jatetxek denboraldiko produktuetan oinarritutako menuak eskainiko dituzte, 25 eurotan. Donostia Turismok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo sailak sustatu dute eta martxoaren 11tik 24ra egingo dute, 23 jatetxetan.

Antolatzaileek ohar batean jakinarazi dutenez, Restaurant Week bueltan da, aurreko edizioetako arrakasta ikusita: iazko urrian 900 menu saldu zituzten, eta lehen edizioan, 300. Restaurant Week ekitaldiak jarraitzaile andana lortu du sare sozialetan. 25 euro gehi BEZa: hori da salneurria eta Donostiako, Astigarragako, Beasaingo, Hondarribiako, Irungo, Zarautzeko eta Zumaiako jatetxeek parte hartuko dute.

Egitasmoa New York, Londres edota Lisboa hirietan egin dute, arrakasta handiarekin, eta produktuaren gastronomia bultzatu nahi dute, Gipuzkoa gastronomia aberatseko toki gisa bultzatzen duten moduan. Interesa dutenek sansebastianrestaurantweek.com webgunean eman dezakete izena: bertan jatetxe eta menu guztien xehetasunak aurki daitezke.