Gastronomia
VIII. edizioa
80 sukaldari baino gehiago, Euskal Herriko Pintxo Txapelketan
Irabazleak asteazken eguerdian emango dituzte jakitera, Hondarribian. Lehen aldiz, botazio bidezko sari bat emango dute.
Euskal Herriko 80 sukaldari baino gehiago izango dira aste honetan Euskal Herriko VIII. Pintxo Lehiaketan. Azken urteotan bezala, Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan egingo dute. Gipuzkoako udalerriko ostalaritza elkarteak antolatzen du ekitaldia, eta, lehen aldiz, botazio bidezko sari bat emango dute. Hego Euskal Herriko Kutxabankeko bezeroen artean hautatutako bost lagunek botoa emango dute sari hori emateko.
Sektoreko profesionalez osatutako epaimahai batek erabakiko du zein den aurtengo irabazlea, eta, inork aipamen berezirik merezi duela uste badu, sari hori ere emango dute.
Kolorea, zaporea eta irensterakoan uzten duen ukituaz gain, orijinala eta berritzailea izatea ere kontuan izango du epaimahaiak. Lehen jardunaldian arabarrak izan dira oholtzan, azken ukituak ematen eta txapelketa honetarako espresuki asmatu dutena erakusten.
25 iritsiko dira finalaurrekoetara, eta azteazkenean, txapela janzteko azken txanpara, hamar. 3.000 euroko saria dago jokoan.
Euskal Herriko zortzigarren lehiaketa honetan parte hartzen duten pintxo guztien errezeta eta argazkiekin liburua osatuko dute, lehiatzeko soilik ez, gero tabernetan saltzeko asmatzen dituztelako mokaduak.