Itxi

Gastronomia

Ostegunetik igandera

Bilboko III. Pintxo Azoka antolatu dute, BECen

Erredakzioa

Topaketan 24 ostalari ospetsu batuko dira, publikoari pintxo onenak aurkezteko. Sarrera doan izango da eta bertaratzen diren guztiek pintxoak bi eurotan eta kañak euro batean izango dituzte.

  • Pintxoak. Argazkia: EiTB

    Pintxoak. Argazkia: EiTB

Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren (BEC) egingo dute Bilboko III. Pintxo Azoka ostegunetik igandera bitartean. Ekimenaren helburua Euskadiko kultura gastronomikoa zabaltzea eta Bizkaiko ostalaritza sektoreari babesa ematea da. San Miguel konpainiak antolatutako topaketan 24 ostalari ospetsu batuko dira, publikoari beren pintxo onenak aurkezteko. Sarrera doan izango da eta bertaratzen diren guztiek pintxoak bi eurotan eta kañak euro batean izango dituzte.

Horrela, antolakuntzak jakinarazi duenez, ostegunean, azaroaren 7an, Borja Ekiza eta Beñat Etxebarria Athletic taldeko jokalariak izango dira BECen, 13:30ean, eta, "Mahou San Migueleko zazpi sukaldari handiak" ekimeneko Alvaro Garridoren laguntzarekin, pintxo bat prestatu eta dastatzera emango dute.

Pintxoak dastatzera hurbiltzen diren guztiek mokaduak baloratzeko eta bozkatzeko aukera izango dute. Jakien aurkezpena, kalitatea, prestakuntza eta kantitatea kontuan hartuta, iritzia eman ahal izango dute estamosdetapas.com webgunean.

Azokako lehiaketan garaile izateko hiru proposamen gastronomiko aurkeztu beharko dituzte ostalariek. Lehiaketa horrek emango dio amaiera topaketari, igandean, 20:00etan.

David Muñoz (Diverxo), Albert Ventura (Coure), Miguel Angel de la Cruz (La Botica), Diego del Rio (El Lago), Alvaro Garrido (Mina), Rafael Morales (Rafa Morales jatetxea) eta Beatriz Sotelo (A Estación) izango dira epaimahaikideak.

Irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, bigarrenak 1.500 euro eta hirugarrenak, 500 euro. Lehen sailkatuak, gainera, Madrid Fusión Tapa Lehiaketan parte hartzeko aukera izango du.

Horrez gain, BECera gerturatzea errazteko, antolatzaileek doako autobus zerbitzua eskainiko dute. Autobusak Bilboko Plaza Biribiletik BECera abiatuko dira.