Itxi

Literatura

Jaialdia

Asterixen aita, komikiaren hiriburuko errege

Angulemako komiki jaialdiaren 40. edizioa otsailaren 3ra arte ospatuko dute eta Albert Uderzo bertan izango da. Komikiaren hiriburu bihurtuko da egunotan.

  • Angulemako Azoka 2012. Argazkia: EITB

    Angulemako Azoka 2012. Argazkia: EITB

Albert Uderzo marrazkilaria (René Goscinnyrekin batera Asterixen komikien egilea), Angulemako Nazioarteko Komiki Azokaren 40. edizioko izar gonbidatua izango da. Koreako eta Argeliako bederatzigarren arteek ere tokia izango dute eta Leiji Matsumoto japoniarra omenduko dute.

Frantziako mendebaldeko herria komikiaren hiriburua bihurtuko da otsailaren 3ra arte eta atzerabegirako bat eskainiko dio Uderzori, "Uderzo in Extenso" izenpean. Arkatzak aspaldi utzi zituen, duela bi urte Galiako heroien bihurrikeriak beste batzuek idazten dituzte.

"Ez dut nostalgiarik. Gazteago izan nahiko nuke, baina oinarrian, ondo dago bizi dudan guztia bizi izana", adierazi du 85 urteko artistak. 1999an ohorezko saria eman zion Angulemako jaialdiak eta aurten ere omenaldia egingo diote.

Azken edizioan 200.000 bisitari jaso zituen jaialdiak eta "Mickey & Donald, benetako artelana" izeneko erakusketa izango da ikusgai. Walt Disneyk 1929an eta 1934an sortutako bi pertsonaiak gogora ekarriko dituzte, formatu guztietako istorioetan. Gainera, Leiji Matsumoto gonbidatu bereziaren 60 urteko ibilbideari erreparatuko dio jaialdiak ("Capitaine Albator" edota "Galaxy Express 999" egilea da). Jean-C Denis ere ("La Fuite en avant", "Quelques mois à l'Amélie" eta "Zone Blanche" lanen egilea) bertan izango da: epaimahaiaren presidente izango da 40. edizio honetan eta zazpi sari izango dira jokoan.