Itxi

Literatura

Heriotza

Stéphane Hessel hil da, 'Haserretu zaitezte!' liburuaren egilea

Mundu mailako sona jaso zuen 'Haserretu zaitezte!' lanarekin. Manifestu politiko hori Frantzian argitaratu zuen, 2010ean, eta, egilearen hitzetan, 'gazteak sumintzera bultzatzea' du helburu.

1:22

Stephane Hessel pentsalari, idazle, diplomaziako kide eta erresistentzia franko-alemaniarreko kidea eta "Haserretu zaitezte!" manifestu ezagunaren egilea, hil da 95 urte zituela, bere emazteak hedabideei jakinarazi dienez.

Berlinen jaio zen, 1917an, eta Frantzian errefuxiatuta bizi izan zen Bigarren Mundu Gerran. Gestapok hartu zuen, eta Buchenwaldeko eta Dora-Mittelbauko kontzentrazio esparruetan izan zen. Gerra amaitu zenean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala idazteko prozesuan parte hartu zuen, 1948an. Baina mundu mailako sona 2010ean heldu zitzaion, "Haserretu zaitezte!" manifestu politikoa argitaratu zuenean. Egilearen hitzetan, "gazteak sumintzera bultzatzea" du helburu idazlan horrek.

"Nire bizitza guztiz aldatu du liburu honek. Erretiroa hartuta zuen diplomaziako kide bat baino ez nintzen, bizimodu lasaia nuen eta orain ezin naiz Parisetik ibili: eskerrak emanez gelditzen naute. Zoragarria da", esan zuen egileak duela hilabete batzuk. 32 orrialde baino ez dira, eta populazioaren erresistentziarako deia egiten zuen. Mundu osoko protesta mugimenduak pizten lagundu zuen, tartean Espainiako "suminduak". Montpellierreko argitaletxe txiki batek kaleratu zuen, eta, ia promoziorik gabe, arrakasta handia lortu zuen: ia milioi bat ale saldu ziren 10 astean.

Liburuak mugak igaro ditu: 30 bat hizkuntzatara itzuli dute, eta lau milioi ale inguru saldu dituzte, ehun bat herrialdetan. Argitalpenaren arrakastaren ostean, ezkerraren erreferente bihurtu zen Hessel; Mendebaldeak aurrera eraman dituen politikekin oso kritikoa izan da, batez ere immigrazioari eta politika sozialari dagokienez. "Haserretu zaitezte!" liburuaren arrakastaren ostean, hainbat liburu idatzi zituen, eta harrera ona hasi zuten lan horiek. "A nous de jouer" liburuarekin "planetako sumindu guztiei deialdia" egin zien, eta Italian izan zen. Frantziara bueltatu behar izan zen, osasun arazo bat zela medio, eta azkenik hil egin da.