Itxi

Literatura

Reconocimiento

Nazioartean saritu dute Bilbon egindako iPaderako ipuin bat

DADA argitaletxearen 'Por cuatro esquinitas de nada' lanak BolognaRagazzi Digital Award 2013 saria eskuratu du, Bologna Children's Book Fair delakoaren garrantzitsuenetariko bat.

  • iPad. Argazkia: EFE

    iPad. Argazkia: EFE

DADA Company argitaletxe bilbotarraren "Por cuatro esquinitas de nada" ipuin digitalak BolognaRagazzi Digital Award 2013 saria eskuratu du, Bologna Children's Book Fair delakoak ematen duen garrantzitsuenetarikoa. Umeentzako argitaletxeen industriaren ekitaldi garrantzitsuena da. "Fikziozko" sailean eskuratu du saria, Bologna Children's Book Fairen 50. edizioan. Munduko argitaletxe garrantzitsuenak urtero joaten dira bertara.

DADA Company argitaletxe bilbotarraren "Por cuatro esquinitas de nada" lanak 30 herrialdetako beste 195 ipuin gailendu ditu, tartean McMillan, Children's Publishing Group, Nickelodeon, Blue Apple Books, eta HarperCollins erraldoien lanak. Epaimahaiak esan duenez, "paperetik digitalera egingo den transizioak ez du zergatik sofistikatua izan, istorioa ona bada. Mezua da garrantzitsuena, umeek gainontzekoekin bat etortzeko zailtasunak dituztelako".

Ipuinaren protagonista karratu txiki bat da eta bere lagunak biribil txikiak dira. Denek elkarrekin jolasten dute, baina etxe handian sartzeko ordua heltzen denean, karratua ezin da sartu ateak borobila delako. Denen artean konponbide bat bilatzen saiatuko dira. "Lagunei, ezberdinei, integrazioari, adaptazioari eta berdintasunari buruzko liburua da", adierazi du DADA Companyko sortzaileetako batek. "Esaldi motzekin eta errazekin egiten da narrazioa eta irakurtzen hasten ari diren umeentzat liburu perfektua da".

DADA Companyk beste bost ipuin interaktibo argitaratuko ditu uda baino lehen eta AEBetako merkatuan "sartzen" saiatuko dira. "Oso konplikatua da", adierazi du Martinezek. "Urte osoan saiatzen ari gara eta ez dugu momentuz arrakastarik lortu", gaineratu du. Espainian, aldiz, eta gaztelania erabiltzen duten herrialdeetan, hobeto doakie. "Gure produktuek harrera ona izan dute eta Estatuan erreferentzia bihurtu gara", adierazi dute.