Literatura
Saria
Daniel Innerarityk eskuratu du Kulturaren Vianako Printzea saria
Idazle eta filosofoa 15 urte dituenetik bizi da Iruñean. "Pentsamoldea bizi dugun egoera gorabeheratsura egokitzeko ahalmena" duela goraipatu du epaimahaiak.
-
Daniel Innerarity. Argazkia: EFE
Daniel Innerarity idazle eta filosofoa Bilbon jaio zen, 1959an, baina Iruñean bizi da 15 urte zituenetik, eta 2013ko Kulturaren Vianako Printzea saria eskuratu du. Epaimahaiak "pentsamoldea bizi dugun egoera gorabeheratsura egokitzeko ahalmena" duela goraipatu du.
Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilariak aurten Kulturaren Vianako Printzea saria norentzat izango den jakinarazi du, eta zorionak eman dizkio Innerarityri. Villar Arellano Kultura Batzordearen partaideak prentsaurrekoan esan duenez, "gizarteak bizi duen zalantza eta nahasmen egoera honetan, interesgarria iruditu zaigu Daniel Innerarityren lana goraipatzea, ideiak, pentsamendua eta hausnarketa sormenerako eta berrikuntzarako suspergarri izan baitaitezke".
Arellanoren esanetan, "gizartea ilusio beharrean" dago, eta "gizarteari ilusioa ematen dioten pertsonen lana goraipatu nahi dugu". Filosofia politikoaren munduan hainbat sari eskuratu ditu, eta Europa mailan goraipatu dute. 'Nouvelle Observatoire' aldizkariak munduko 25 pentsalari garrantzitsuenen artean sartu zuen. Daniel Innerarityk Filosofia doktoregoa egin zuen, Nafarroako Unibertsitatean, eta irakasle gisa aritu zen, 1987ra arte. Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da egun, eta 17 liburu eta 150 artikulu zientifiko argitaratu ditu.
Gainera, 'El País', 'Le Monde' eta 'New York Times' egunkarietako kolaboratzailea da.
Sanchez de Muniain sailburuak esan du saria "jatorrietara" itzuli dela aurten, "hau bezala, Nafarroarekin lotuta dauden eta kultur munduan diharduten pertsonak" sarituz. 25.000 euroko diru-saria du, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren eskutik. Asturiasko printze-printzesek eman ohi dute saria, Leireko santutegian, baina oraindik ez dakite zehazki noiz izango den ekitaldia.