Itxi

Literatura

Jaialdia

Underground umorea, Bilboko Barrea jaialdiko ardatz

Robert Crumb izango da umoredun literaturaren eta artearen nazioarteko astearen laugarren edizioaren izarra. Igandera arte egingo dute, Bizkaiko hiriburuan.

1:28

Umore underground, kontrakultural, lotsagabe eta inkonformistenak Bilbo hartuko du umoredun literaturaren eta artearen nazioarteko astearen, Bilboko Barrearen, laugarren edizioan. Robert Crumb izango du gonbidatu. Igandera arte egingo dute Bizkaiko hiriburuan.

Jaialdiak mugimendu kontrakulturalaren ordezkariak izango ditu: 60ko eta 70eko hamarkadan gorenean izan zen nazioartean eta Espainian trantsizioan eta demokraziaren lehen urteetan.

Robert Crumb izango du izar nagusia. Komiki undergroundaren aita omen da eta kultura errebeldearen eta alternatiboaren ordezkari nagusia. Nazario espainiarra, Mariscal eta Nick Hornby eta Kiko Amat idazleak ere Bilbon izango dira. Gainera, Espainiako 80ko "Madrilgo mobida" delakoaren ordezkariak izango dira, tartean Ouka Leele argazkilaria, Luis Antonio Villena idazlea eta Diego Manrique musika kritikaria.

Juan Basek gogoratu duenez, Robert Crumb oso pertsonaia ezaguna da, "Fritz the cat" eta beste hainbat komikiren egile izateagatik. Urriaren 5ean jasoko du saria, eta Santiago Segurak elkarrizketa egingo dio ingelesez. Beste topaketa bat Javier Mariscal eta Nazario Luqueren arteko elkarrizketa izango da. Azkena, Espainiako undergroundaren aita izan zen, eta trantsizio garaian eta 80ko hamarkada hasieran Bartzelonan aritu zen.

Nobedade bezala, "Umorearen hamar sekuentzia faboritoak" saila aurkeztuko dute: Fernando Trueba publiko aurrean arituko da, eta umorezko zinemako 10 sekuentzia faboritoak ezagutaraziko ditu. Horretaz gain, eta jaialditik kanpo (urriaren 23ko astean, hain zuzen ere), Bilboko Campos Eliseos antzokiak ekitaldi berezi bat antolatu du: José Luis Cuerdak Amanece que no es poco filma grabatzeko lanei buruzko liburu bat aurkeztuko du.