Literatura
Liburu berria
Federico Moccia : 'Gauza politak ikustean maitemindu egiten naiz'
A. A.
Idazle italiarra Ese instante de felicidad azken liburuaren bigarren zatia kokatzeko hiri bila ari da eta Hondarribia bisitatu du. Ondoren, Vicen eta Vejer de la Fronteran ere izango da.
Federico Moccia idazle italiarrak Hondarribia, Vic eta Vejer de la Frontera herrien artean erabakiko du idatziko duen hurrengo eleberria kokatzeko. Hala ere, asteazken honetan azaldu duenez, aukeratzen ez dituen bi herriak "pozik" uzteko irtenbidea bilatzen saiatuko da. Erabakia ez dugu 2014ko udaberrira arte, Ese instante de felicidad liburuaren bigarren zatia argitaratu arte, jakingo.
Moccia asteazken honetan izan da Hondarribian, bihar Vicera joango da eta ostiralean, Cadizen kokatua dagoen Vejer de la Fronterara.
ETBri eskainitako elkarrizketa batean, A tres metros sobre el cielo liburuaren egileak Hondarribia asko gustatu zaiola eta "atmosfera askoko lekua" dela esan du. Horrez gain, idazleak esan du Hondarribia gauez ezagutzeko eta bertoko janaria dastatzeko interes handia duela adierazi du.
"Idazlea begiekin lapurtzen duen pertsona da eta gauza politak ikustean maitemindu egiten naiz. Era batera edo bestera hori ere liburuan islatuko da", azaldu du Mocciak. "Bizitzaren eta pertsonen edertasuna ustekabean hartzen zaituztela da", gaineratu du.
Ese instante de felicidad lanean, Mocciak Mariaren, Erromara bidaia egiten duen gazte espainiar baten, istorioa kontatzen du: "Istorio berezia da, desberdina. Garai zailak bizi dituen familia bati buruz ari da eta bizitzak dituen zoriontasun une horiei garrantzia eman behar zaiela igorri nahi du".
Orain, hortaz, istorioaren bigarren zati hori kokatzeko leku bila dabil: "Mariak herri honetako pertsonak diren bezalako aitona-amonak izatea gustatuko litzaidake. Itsasoko haizea arnastuz eta harresia zeharkatzen duten ilargiaren izpipean maitemindu diren aitona-amonak izatea nahi nuke".
"Nicok eta Mariak pasealekuan emango luketen musuak asko hunkitu nau", azaldu du.
Erabakia, udaberrian
Idazle italiarrak ez du aurretiko eskaerarik egin, baina "neskaren izaerarekin bat datorren atmosfera duen lekua" topatu nahi du. Planeta argitaletxeak proposatu zion aukeratzeko prozesu hau, irakurleek istorioa non garatuko zen erabaki zezaten.
"Erabakiaren izaera narratiboa izango da, ez du lekuaren edertasunarekin zerikusirik izango", argitu du Mocciak.