Literatura
Literatura konparatua
Frederik Verbeke: 'Interkulturalitatea isildu egin dute'
Natxo Velez | eitb.com
Verbekek Belgikaren eta Euskal Herriaren artean 1880tik 1936ra izandako harreman interkulturalak ikertu ditu, eta literaturaren historia interkulturalitatearen ikuspegitik berridaztea aldarrikatu du.
-
Argazkia: Andrea Schmitz
Frederik Verbeke filologoak (Gante, 1975) 'Comparatismo e interculturalidad entre Bélgica y el País Vasco (1880-1936)' -Konparatismoa eta interkulturalitatea Belgikaren eta Euskal Herriaren artean (1880-1936)- tesia defendatu du EHUko Letren Fakultatean, eta Bikain 'cum laude' nota jaso du.
Jesus Camarero eta Jon Kortazar irakasleek gidatutako ikerlanean, Verbekek XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran Euskal Herriaren eta Belgikaren artean izan ziren hainbat harreman aztertzen ditu, eta 'periferiako' gizarte eleaniztunen arteko harreman interkulturalei buruzko ikerketek literaturari ikuspegi berria eman diezaioketela adierazten du. Gainera, literaturaren historiografian kulturen arteko dinamiken pisua handitzearen alde ere egiten du idazleak lanean.
Tesiaren egilearekin hitz egin dugu, haren nondik norakoak sakonago azal diezazkigun.
Zerk bultzatu zintuen euskal kultura eta Belgikakoa lotzera? Gertakari jakinen batek eraman zintuen bi kulturon arteko erlazioan sakontzera?
Batik bat, arrazoi autobiografiko bat dago atzean. Flandrian jaioa naiz, baina Euskal Herrian bizi naiz egun, Ganteko Unibertsitatean Filologia Erromanikoa egin eta Italian, Erasmus beka batez, urtebete ikasi ondoren. Italian, egun nire emaztea dena ezagutu nuen, baita, EHUko kideen eskutik, euskal kultura ere. Euskal Herrira iritsi eta gutxira, Bilboko liburu denda batean, "España negra" Dario de Regoyosen (ezinbesteko pertsonaia, euskal artearen historian) eta Émile Verhaerenen (Belgikako frantsesezko literaturaren ezinbesteko pertsonaia) liburuaren ale bat aurkitu nuen. Orduan piztu zitzaidan Belgikaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak ikertzeko harra.
Zergatik mugatu dituzu harreman interkulturalak XIX. mende amaieratik XX. mende hasierara?
Garai horretan, Europako 'periferien' arteko dinamika kulturalak areagotu egin ziren. Gainera, Europako kultura "periferiko" asko autonomia maila handiagoa hartzen eta Europako kultur mapan pisu handiagoa bereganatzen saiatu ziren. Herrialde "txikietako" eragile soziokultural askok elkarren literatur espazio azaleratu berrien arteko antzekotasunak igarri zituzten, eta elkarren eredu izan ziren, sistema handiekiko mendekotasunaren aurkako borrokan.
Halaber, garai horretan harremana hainbat esparrutara zabaldu zen, hala nola artistikoa, ideologikoa, flandriar mugimenduaren (Vlaamse Beweging) eta euskal abertzaletasunaren eskutik, ekonomikoa... Nolanahi ere, garai gehiagotan ere izan dira bi lurraldeen arteko harremanak. XV. eta XVI. mendeetan harreman asko izan ziren: euskal merkatariek artilea eta burdina eraman zuten Gante eta Anberesko portuetara, eta flandriar artisauek Euskal Herriko elizak apaindu zituzten.
Zein izan ziren garai hartako harreman nagusiak euskal eta belgikar artisten artean?
Euskal Herriko hainbat artista eta konposatzailek, batik bat Dario de Regoyosek, egonaldi batzuk egin zituzten Bruselan. Azken horrek harreman estua izan zuen Belgikako abangoardia literario eta artistikoko protagonista nagusiekin, eta Bruselako bizipenak Euskal Herrira eraman zituen, bertan zabaltzeko. Hari esker, halaber, belgikar artista garrantzitsuenak Bilbon izan ziren, arte garaikideko lehen erakusketetan, eta Emile Verhaerenen lan poetikoa euskal idazle eta artistengana heldu zen. Literatur esparruan, Miguel de Unamunok interes handia agertu zuen Belgikako literaturetan, nola frantsesez idatzian hala neerlanderazkoan. Maurice Maeterlincken obraren irakurle sutsua izan zen Unamuno, eta Guido Gezelleren lanak jatorrizko bertsioan irakurri zituen, neerlanderaz! Euskal literaturari dagokionez, Karmelo Etxegaraik Hendrik Conscience flandriar idazlearen ipuin baten itzulpena egin zuen; 1891. urtea zen, eta euskaraz prosazko ekoizpena oso urria zen artean. Itzulpen horren bidez, Etxegaraik euskarazko ondare literario berria zabaldu nahi zuen, baita euskal nortasuna piztu ere. Itzulpen oso berezia izan zen, gainera, Euskal Herrirako erreferentziak jarri baitzituen Etxegaraik, Flandriako jatorrizko erreferentzien ordez.
Harreman horrek utzi zuen arrasto argirik berorretan parte hartu zuten artistengan?
Bai, noski, eta, oro har, ia lan literario eta artistiko guztietan ikusi ahal dira dinamika interkulturalaren ondorioak. Arazoa da historiografia tradizionalak ez diola arretarik jartzen interkulturalitate horri; aitzitik, isildu eta gutxietsi egiten du. Estatu-nazioen aginduetara, ohiko historiek ikuspegi homogeneoari eutsi nahi diote, aurretiaz hizkuntza bat, literatura batekin eta nazio batekin identifikatuz. Printzipio hori zalantzan jartzen duen oro, heterogeneotasuna azaleratzen duen guztia, bazterrean gelditzen da. Kulturen arteko dinamikak bigarren maila batean jarri ordez, nire tesian lehen mailara eraman ditut, ikerketaren ardatza izan dira, eta, horrela, ikuspegi horrek Unamunoren eta beste hainbat egileren lan ezagunei beste modu batez begiratzeko balio duela erakutsi dut.
Zer balio ematen zion Unamunok Teniersen iruditeriari euskal identitatearen sorkuntzan?
1880ko hamarkadaren amaieran, Unamunok euskal erromerien baliokide behinenak aurkitu zituela pentsatu zuen: David Teniers (1610-1690) flandriar margolariaren lanak. Euskal arte kostunbristaren eredutzat hartu zituen.
Belgikar eta euskal literaturak "periferiko" deritzen horietakoak dira, baina, elkarrekin harremanetan jartzeko, itzulpenaren beharra dute; hots, mendean dituen kulturaren beharra izaten dute, frantsesarena berbarako, bestearengana heltzeko. Haien arteko harremanerako oztopoa da hori?
Kultura "periferikoen" arteko harreman askoren atzean dagoen paradoxa da hori. Haietatik desberdintzeko bidean, mendean dituzten kultur sistemetara jo behar izaten dute, hirugarren kultura batekin harremanak eduki nahi izanez gero. Karmelo Etxegaraik Hendrik Conscienceren lana euskaratu zuen, baina horrek Parisen arrakasta izan eta gero eta frantses itzulpena erabiliz. Hala ere, euskaldunaren itzulpen estrategia eta Frantzian nagusi zen bertsioko itzultzailearena erabat ezberdinak izan ziren; hortaz, paristar eredutik aldendu zen Etxegarairen itzulpena. Unamunok, ostera, neerlandera menderatzen zuen, eta, horren bidez, zuzenean irakurri zituen Flandriako literatur lanak. Hala ere, Flandria eta Teniersen erromeriak irudikatzeko, oso irudi estereotipatua erabili zuen Unamunok, Europako literatura nagusietan nagusi zena bezalakoa.