Literatura
Poesia
Atxagak 'Pierrot izeneko automata' irakurketa estreinatuko du Arriagan
Erredakzioa
"Poesia eta Literatura Euskaraz" zikloaren barruan, Bernardo Atxagak bere literatur irakurketa berriaren estreinaldia egingo du astearte honetan, martxoak 18, Bilboko antzokian.
-
Benardo Atxaga. Argazkia: EiTB.
Bernardo Atxaga izango da Bilboko Arriaga Antzokiko Gelatxoen hurrengo protagonista, antzokiak berak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako "Poesia eta Literatura Euskaraz" zikloaren barruan. Asteasuko idazlea Arriagako eszenatokian egongo da astearte honetan, martxoaren 18an, 20:00etan, "Pierrot izeneko automata" literatur irakurketa berriaren erabateko estreinaldiarekin.
Antzoki bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez, lanaren protagonista Tibidabo mendiko Automaten Museoko Pierrot bat da, kutxa baten sartuta dagoena eta poemak idazten dituena. "Pierrot izeneko automata" lanean, Bernardo Atxagak "unibertso poetiko liluragarria" eraiki du, ikuskizunaren sustatzaileek diotenez, 30 minutuko iraupena duen eta Arriaga Antzokira doazen entzule guztiak "harrituta" utziko dituen irakurketa honetarako.
Atxagaren emanaldiaren ondoren, Joxe Anjel Arbelaitzen "Leku hutsak, hitz beteak" lana proiektatuko da, egilea bertan dagoela. Dokumental horrek ordubete eskaintzen dio Bernardo Atxagaren irudiari, "Euskal Herriak izan duen idazle garrantzitsuenetako bati".
Proiekzioaren amaieran, Bernardo Atxaga eta Joxe Anjel Arbelaitz bertaratutako ikus-entzule guztiekin solastatuko dira, eta ikus-entzuleek galderak egin edo iritziak helarazi ahal izango dizkiete.