Itxi

Literatura

Munduko Poesia Kaierak

Munduko poesia hautatua, euskaraz irakurgai

Natxo Velez | eitb.com

Munduko Poesia Kaierak proiektua aurkeztu dute gaur, Poesiaren Nazioarteko Egunean. Urtean, nazioarteko poeten 6 antologia merkaturatuko ditu Susa argitaletxeak.

  • Anton Garikano, Beñat Sarasola eta Iñigo Aranbarri, aurkezpenean. Argazkia: armiarma.com

    Anton Garikano, Beñat Sarasola eta Iñigo Aranbarri, aurkezpenean. Argazkia: armiarma.com

Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak proiektua abiatu du, Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean. Horri esker, nazioarteko poeta handien lanak euskaraz irakurri ahal izango ditugu.

Gaur, lehen hiru zenbakiak, Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaire poeten antologiak aurkeztuko dituzte, Donostian.

Urtean, 64 orrialdeko sei antologia argitaratuko dituzte, hiru udaberrian eta hiru udazkenean. Dendetan, 10 euroan salduko dute zenbaki bakoitza, baina urteko harpidetza egiteko aukera ere badago; horrela, urtean 40 euro ordainduta, sei aleak erosi ahal izango dira.

Lehen hiru zenbakietan, Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaireren emariari begiratu diote.

George Trakl poeta aleman handia da, Austria-Hungariako inperioaren loraldi eta gainbeheraren lekuko izan zena. Oso gazterik hil zen, 27 urte zituela, kokaina gaindosi baten ondorioz, eta bi poema liburu argitaratu zituen. Beñat Sarasolaren hitzetan, "antologia honen irakurleak erraz asko ikusiko duenez, Traklen poesiaren elementu nabarmenetako bat da izadiaren zabala nola ekartzen duen lerroetara, nola murgiltzen dituen letra artean naturako kolore, landare, bazter gisa guztietakoa". Anton Garikanok itzuli du lan hau.

Maria Merce Marçal poeta katalana ere gazterik hil zen, 46 urte zituela. Sarasolaren arabera, "nortasun feminista, lesbiana, abertzale eta marxista baten artikulatze berezi bat ikusten ahal da bere lanean". Itxaro Bordak itzuli du antologia hau.

Aime Cesaire martinikar jatorriko idazlea da hirugarren zenbakiko protagonista, beltzen nortasunaren eta literaturaren defendatzaile eta sortzaile sutsua. Hari zor zaio "belztasun" (négritude) kontzeptua. Iñigo Aranbarrik itzuli ditu Cesaireren poemak.

Kaierak ekimenaren webgunean ere, irakurgarri daude kaierok, koadernook.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskara