Literatura
Gutun Zuria
Herta Müller 2009ko Nobel saridunak Gutun Zuria jaialdia irekiko du
Erredakzioa
Jaialdiaren gai nagusia 'Mugako kontakizunak' izango da aurten, eta bi ziklotan ospatuko da Bilboko alondegian: martxoaren 27tik 30era eta apirilaren 3tik 6ra.
Herta Müller errumaniar idazleak, 2009ko Nobel sariaren irabazleak, irekiko du aurten Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia. Apirilean jaialdiak Suediako Akademiaren beste bi saridun izango ditu: Gao Xingjian idazle txinatarra eta Orhan Pamuk idazle turkiarra, 2000ko eta 2006ko Nobel saridunak.
Jaialdiaren gai nagusia "Mugako kontakizunak" izango da aurten, eta bi ziklotan ospatuko da Bilboko alondegian: martxoaren 27tik 30era, Müllerrek abiatuko du, eta apirilaren 3tik 6ra, Sergio Gonzales Rodriguez mexikarrak abiatuko du.
1953an Nytzjydorf Errumaniako hirian jaio zen Herta Müller, alemaniar familia batean, eta 1987tik Berlinen bizi da.
Bere obraren zati handi batek bere jaioterriaren egoera aztertzen du Ceausescuren diktadura iraun zuen bitartean. Horretaz gain, Bigarren Mundu Gerraren ostean Europa erdialdeko herrialdeetan gutxiengo alemaniarrak bizi zuena ere kontatu du.
Bere ibilbidean La piel del zorro, La bestia del corazón, En tierras bajas eta Drückender Tango obrak nabarmentzen dira.
Müller jaialdiaren hasierako ekitaldiaren izarra izango da. Bertan, prentsaurrekoa emango du, eta, arratsaldean, Cecilia Dreymüllerrekin batera, elkarrizketa ireki bat.
Ostiralean, Lydia Cacho idazle mexikarraren txanda izango da, Sergio Gonzalez Rodriguezekin batera euren herrialdean izandako hilketen zigorgabetasuna salatu izan dutenak.
Apirilaren 3an, Gao Xingjian Nobel saridunak parte hartuko du. Idazlea 1988tik Parisen erbesteratu zen. Bere lanetan Txinako erregimen komunista kritikatu du, adibidez, 1989an Pekinen Tiananmen plazan egindako sarraskia salatuz.
Bi egun geroago, jaialdiaren beste izarrak, Pamuk idazle turkiarrak, agerraldia egingo du. Idazleak bere ibilbidean giza eskubideak babestu ditu eta Armeniako genozidioa eta kurduen errepresioa salatu du, bere herrialdearen doktrina ofizialaren kontra eginez.
2004ko Letren Asturiasko Printzea sariduna, Claudio Magris italiarra, eta Juan Goytisolo espainiarra ere egongo dira Bilbon. Frankismo garaian, bien lanak debekatuta egon ziren Espainian.
Gutun Zurian euskal ordezkariek ere izango dute tokia, besteak beste, hauek izango baitira bertan: Ramon Saizarbitoria, 2013an euskarazko literatura modalitatean Euskadi Literatura saria irabazi zuena, Txomin Peillen, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin.