Itxi

Literatura

Gutun Zuria

Gao Xingjian, Gutun Zuriaren bigarren elkarrizketa sailean

Erredakzioa

Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak hilaren 6ra arte iraungo du, eta gaur hasiko dira berriz martxoaren 27an abiatutako ekimenak. Mugako kontakizunez hausnarketan jarraituko dute hainbat idazlek.

  • Gao Xingjian. Argazkia: Wikipedia.

    Gao Xingjian. Argazkia: Wikipedia.

Gao Xingjian 2000. urteko Nobel saridunaren eguna da gaur Gutun Zuria letren jaialdian. Txinatar jatorriko frantziar herritarraren solasaldia 20:30ean hasiko da, Bilboko alondegian, jaialdiko ekimen guztiak bezala.

Xingjian japoniarren inbasioaren ondoko urteetan hazi zen, Txinan. Ama aktore amateurra zen, eta horrek gaztearen interesa antzerkira eta literaturara bideratu zuen. Iraultza Kulturalean (1966-1976), "berreziketa-esparru" batera bidali zuten, eta, han, eskuizkribuz beteriko maleta bat erre beharra sentitu zuen. 1979. urtera arte ezin izan zuen bere lana argitaratu.

1980tik 1987ra ipuinak, saiakerak, antzerki-lan abangoardistak eta lau liburu argitaratu zituen. Txinako Alderdi Komunistaren gaitzespena jaso zuen Xingjianek: "L' autre rive" debekatu zioten 1986an, eta, orduz gero, ez da haren lanik batere ekoitzi Txinan.

Aurretik, 19:00etan, Sergio González Rodríguez idazleak Mexikok bizi duen biolentziaz hitz egingo du Gutun Zurian, Jon Sistiaga kazetariarekin.

Haren lanen artean, "Huesos en el desierto" nabarmentzen da, erreportajea, kronika eta saiakera nahasten dituen lan bat, indarkeriari, narkotrafikoari eta Ciudad Juarezeko emakumeen aurkako hilketa sistematikoei buruzkoa.

Ostiralean, Ramon Saizarbitoria idazlearen txanda izango da Gutun Zurian; apirilaren 5ean, larunbata, Orhan Pamuk Nobel saridunak hitz egingo du Bilbon; eta igandean, solasaldi multzoa ixteko, Juan Goytisolok hartuko du hitza.