Literatura
Gabriel García Márquez
Garcia Marquezen familiak osasunez 'oso makal' dagoela iragarri du
Erredakzioa
"Egonkor dago, baina oso ahul, eta, haren adina (87 urte) kontuan izanda, okerrera egiteko arriskua dago", dio familiak hedabideetara igorritako oharrak.
-
Gabriel Garcia Marquez. Argazkia: Wikipedia.
Idazle kolonbiarraren emazteak, Mercedes Barcha, eta Rodrigo eta Gonzalo semeek ohar bat kaleratu dute gaur, 1982ko Nobel sariaren jabearen osasun egoera "oso makala" dela eta "okerrera egiteko arriskua" dagoela jakinarazteko. Familiak zehaztu duenez, Garcia Marquez "Mexiko Hiriko etxean dago, eri, eta han jarraituko du", biriketan eta gernubideetan infekzioa zuela eta ospitaleratuta egon ondoren.
"Egonkor dago, baina oso ahul, eta, haren adina (87 urte) kontuan izanda, okerrera egiteko arriskua dago", oharrak dioenez. Familiak "lagunek eta kazetariek helarazitako maitasun adierazpen ugariak" eskertu ditu, eta beren intimotasunarekin zentzuz jokatzeko eskatu du.
Garcia Marquez zortzi egun egon zen Mexikoko hiriburuko zentro batean ospitaleratuta, gernubideetan eta biriketan infekzioa zuela eta. Apirilaren 8an eraman zuten etxera bueltan.