Literatura
Letrak eta futbola
Literaturak eta futbolak elkar ezagutu zutenekoa, Bilbon hizpide
Natxo Velez | eitb.com
Literatura, komikia, kazetaritza eta futbola uztartzen dituen jaialdian, David Truebak, Amets Arzallusek, Eduardo Mendozak, Andoni Egañak eta Eduardo Sacherik parte hartuko dute, besteak beste.
-
Komikiak futbolari zelan begiratu dion ere aztertuko dute. Argazkia: EiTB.
Hautsak harrotu dituen nazioarteko futbol txapelketaren atarian, Letrak eta Futbola jaialdiak futbola hizpide eta ardatz hartuko du, Bilbon, ekainaren 2tik 6ra. Egun horietan, literatura eta futbola kiribiltzen dituzten hainbat ekimen egongo dira hirian, Athletic Club Fundazioak antolatuta.
Futbolak, gizarte topagune eta kirola egiteko ez ezik, beste hainbat gauzatarako ere balio duela erakutsi nahi dute ekimen honen bidez.
Punta-puntako hizlariek hartuko dute hitza arratsaldero BBK Aretoan izango diren solasaldietan, hala nola Eduardo Mendozak, Amets Arzallusek, Eduardo Sacherik, David Truebak, Ander Izagirrek, Santiago Roncagliolok, Coque Mallak, Zuhaitz Gurrutxagak, Enric Gonzálezek, Andoni Egañak...
Futbolaren eta sormenaren arteko harremana, kazetariek erreportajeetan futbolari nola begiratzen dioten, komikiak eta literaturak futbola nola erakutsi duten... Horiek jorratuko dituzte hizlariek mintzaldietan, eta ekainaren 6an rapa, bertsoak eta futbola lotuko dituzte zenbait DJk, Sustrai Colinak, Miren Amurizak, Aitor Sarriegik eta beste hainbat bertsolarik eta musikarik.
Gainera, jaialdiaren kariaz, Athletic Club Fundazioaren boluntario talde batek futbolak eta literaturaren arteko batuketak betetako 60.000 liburu ale banatuko ditu Bilbon. Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Juan Villoro, Pedro Zarraluki, Pablo Moiño eta David Trueba dira ipuin horien idazleak.