Itxi

Literatura

Azaroaren 21etik 23ra

Getxoko Komiki Azokak Jordi Bernet eta ‘Xabiroi’ omenduko ditu

Erredakzioa

Topagunearen arduradunek ilustratzaile katalanaren eta Ikastolen Elkarteak sortutako aldizkariaren ibilbideak sarituko dituzte. Ostiralean hasi, eta igandean bukatuko da.

Getxoko Komiki Azokak Jordi Bernet ‘Torpedo’ sail ospetsuaren marrazkigilea eta ‘Xabiroi’ Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen aldizkaria omenduko ditu hamahirugarren edizioan, azaroaren 21etik 23ra. Azken horrek euskarazko istorioak zabaltzeko egiten duen lana hartu dute aintzat jaialdiaren antolatzaileek.

Bernetek eta beste hainbat egilek Azokan parte hartuko dute. Besteak beste, Kevin O’Neill ilustratzaile britainiarra gonbidatu dute, ‘The League of Extraordinary Gentlemen’ sagaren egileetako bat.

Jordi Bernetek (Bartzelona, 1944) “bizitza osoa eman dio komikigintzari”; aitak, Miguel Bernetek, Doña Urraca pertsonaia asmatu zuen, eta Bruguera editorialaren inguruko egile asko izan zituen inguruan.

Ibilbide luzean, hamaika sari jaso ditu katalanak: atzerriko album onena Angulemako Komiki Jaialdian (‘Torpedo 4’), Bartzelonako Komiki Azokako Sari Nagusia (1991), nazioarteko artista onenaren Yellow Kid (1995)…

1967an, frantziar-belgikar merkatura lerratu zen, ‘Spirou’ aldizkarira. 80ko hamarkadaren hasieran, ‘Metropol’, ‘Cimoc’ eta ‘Comix Internacional’ argitaraldietan ere jardun zuen. 1982an, ‘Torpedo 1936’ Enrique Sanchez Abulik idatzitako sailean marrazten hasi zen, Alex Tothen ordez. Harekin batera, arrakasta handia lortu zuen: besteak beste, 'Kraken', 'Custer' eta 'Light & Bold' egin zituen orduan.

90eko hamarkadan, ‘Clara de noche’ asmatu zuen, “El Jueves” aldizkarirako, Carlos Trillo eta Eduardo Maicasekin batera. Bonelli italiar argitaletxearentzat ‘Tex’ westerna egin zuen garai horretan, eta DC estatubatuar argitaletxearentzat hainbat lan egin izan ditu, Will Eisner hildakoan “The Spirit"en aldeko omenaldian parte hartzeaz gain.

Bestalde, “Xabiroi” aldizkaria 2005ean jaio zen, Ikastolen Elkartearen ekimenez, “gazteei euskarazko istorioak helarazteko, betiere hizkera modernoa erabiliz, lagunarteko erregistroan”, getxoztar jaialditik azaldu dutenez.

“Xabiroi”n, artista askok publikatu dituzte istorioak: Antton Olariaga, Iñaki G. Holgado, Asisko Urmeneta, Juan Luis Landa, Patxi Huarte ‘ZaldiEroa’… Gainera, beste hainbat idazle komikiaren mundura barneratu dira berorren bidez, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Iban Zaldua, Toti Martinez de Lezea, Arantxa Iturbe eta Patxi Zubizarreta.