Itxi

Literatura

'En la orilla'

Rafael Chirbes valentziarrak irabazi du Espainiako Narratiba Saria

Erredakzioa

Kritikarien saria irabazi eta gero, idazlearentzat izan da Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak aurreko urteko lanik onenari ematen dion aintzatespena ere.

Rafael Chirbes (Tavernes de Valldigna, Valentzia, 1949) idazleak irabazi du 2014ko Narratiba Sari Nazionala, “En la orilla” lanagatik.

Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen sariak 2013an gaztelaniaz zein Estatuko beste hiru hizkuntza ofizialetan argitaratutako narraziorik onena goraipatzen du.

Saria ebatzi duen epaimahaiaren buru Maria Teresa Lizaranzu izan da, eta, harekin batera, Miren Azkarate, Carme Riera, José Luis Vicente Ferri, Julia Otxoa, Carmen del Riego, Angel Basanta, Javier Rodríguez Marcos eta Javier Merino iazko irabazlea egon dira.

Besteak beste, Kirmen Uribe, Ramiro Pinilla, Unai Elorriaga, Bernardo Atxaga eta Juan Antonio Zunzunegui euskal idazleek irabazi dute saria aurretik.

"En la orilla"

Olbako urtegian gorpu bat agertu eta gero abiatzen da eleberriko istorioa. Estebanek, protagonistak, bere zurgindegia itxi behar izan zuen, eta berarentzat lan egiten zuten langileak langabezian gelditu dira. Gaixorik dagoen aita zaintzen duen bitartean, Estebanek porrotaren arrazoiei begiratuko die, eta gizartea gidatu duten balio ustelak agertuko dira hausnarketan.