Literatura
Sariak
Maite Gurrutxaga eta Harkaitz Canorentzat, Euskadi Literatura Sariak
Natxo Velez | eitb.eus
Saiakera arloan, Joseba Gabilondo eta Jon Juaristi saritu dituzte. Gurrutxagak ilustrazioko saria bereganatu du, eta Canok euskarazko haur eta gazte literaturakoa.
Maite Gurrutxagak, Harkaitz Canok, Joseba Gabilondok eta Jon Juaristik irabazi dituzte Euskadi Literatura Sariak ilustrazio, haur eta gazte literatura, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera arloetan hurrenez hurren.
Gainerako irabazleen berri hilaren 8an eman zuten. Euskaraz Bernardo Atxagak irabazi zuen (“Nevadako egunak”), euskarazko itzulpenaren atalean Iñigo Roquek (“Gauzen ordena naturala”, Antonio Lobo Antunes) eta gaztelaniazko arloan Idoia Estornesek (“Cómo pudo pasarnos esto”).
Maite Gurrutxagak (Amezketa, 1983) “Habiak” lanean egindako lanagatik merezi izan du, epaimahaiaren arabera, 18.000 euroko saria. “Ilustratzailearen gaitasun narratibo eta adierazkor izugarria” goraipatu dute saria emateko arduradunek; “lan poetiko eta intimista honetan istorioa marrazkiek eraikitzen dute”, azalpenaren arabera.
Abiadura handiko trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharraren eta, Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den Selma erizain bosniarraren arteko harremana da “Habiak” liburuaren ardatza.
Gazte literatura
Euskarazko haur eta gazte literaturako saria, bestalde, Harkaitz Cano idazlearentzat izan da, “Orkestra lurtarra” lanagatik. “Eraginkortasunez eta maisuki erabiltzen ditu nola hizkuntzaren bitarteko guztiak, hala literaturaren esparrukoak ere” Canok istorio horretan, Xabier Olaso atal honetako sariaren iazko irabazlea buru izan duen epaimahaiaren arabera.
Euskadi Literatura Saria beste bi aldiz irabazi duen lasartear idazlearen azken liburu honek Manuren istorioa kontatzen du. Orkestra bat sortu nahi du Manuk, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da, umorez eta irudimenez beteriko gertakariei atea irekita.
Saiakera
Euskarazko saiakerari dagokionez, Joseba Gabilondori egokitu diote saria, “New York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz” lanagatik.
Lanean, "Martutene" Ramon Saizarbitoriaren eleberriaren (2012) azterketa egiten du Gabilondok; izan ere, lehena eta geroa berrikusteko perspektiba berria ematen digu Saizarbitoriaren eleberriak, Gabilondoren arabera: “Euskal XX. mende luzea (1898-2012) abertzaletasunak definitua (Arana, ETA) eta globalizazio neoliberalaren krisiak (2008) amaitua dago. Saizarbitoriak mende horretan galtzailearen kultura euskaldunak izan duen zentraltasuna esplikatzen digu”.
Gaztelaniazko atalean, Espaciosa y triste. Ensayos sobre España Jon Juaristiren hausnarketa jarri dute iaz ekoitzitako beste ororen gainetik. “Identitate politikoa sortzen duten diskurtsoei buruzko hausnarketa proposatzen du lanak batetik, eta azken mendeetan zehar andaluziar, euskal edo espainiar nazionalismoen azpian egon diren mito identitarioei buruzko hausnarketa, bestetik”, epaimahaiaren arabera.
Hogeita bost urteko epean idatziak, Espaciosa y triste liburuko saiakera lanak “egungo identitate erregional guztien aitzindari den identitate espainiarraren jatorriaz eta historiaz” ari dira. Horiek ez dute ordezkatzen, Juaristiren hitzetan, nazioa baino lehen existitu ziren herrien jarraikortasuna. Aitzitik, “pribilegioa lortzeko elite tradizionalen arteko lehiaren emaitza dira, Erdi Aroaren amaieran hasi eta Estatu modernoa osatu arte”.