Itxi

Literatura

Asteartean ebatziko dute

Iñaki Martinez bilbotarra, Nadal sariko finalista

Erredakzioa

Iñaki Martinezekin batera, Tomás Arranz, Miguel Sandín, Alejandro Morellón, Lili Q. de Gavroche (izenordea) eta Sancho Saldaña (izenordea) lehiatuko dira.

Bihar, asteartea, goizaldean, Nadal literatura sariak banatuko dituzte, hirurogeita hamaikagarrenez, Bartzelonako Palace hotelean.

 

Heldu diren 335 lan argitaragabeetatik, sei eleberri finalista aukeratu dituzte, eta horien artean dago “Tanger. La ciudad de mentira” Iñaki Martinezen lana.

 

Martinez bilbotar abokatu eta idazlea Guatemalan jaio zen, 1956an, eta Euskadiren ordezkari izan zen, Kolonbia, Venezuela eta Erdialdeko Amerikan. Gainera, iaz “Arresti” eleberria (Hiria argitaletxea) atera zuen, “euskal historia garaikidearen hainbat txatal eleberri formatuan erakutsiko dituen trilogia baten” lehen zatia.

Martinez panamar emakume baten eta alemaniarren aurka Euskal Brigadan borrokatu zen Ortuellako gizon baten semea da. Euskal Iraultzarako Alderdia (EIA) eta Euskadiko Ezkerra sortzen lan egin zuen, eta 1980an Erdialdeko Amerikara joan zen. Han, FMLN gerrillarekin lan egin zuen, nazioarteko harremanen arloan.

Martinezekin batera, beste bost egile dira sarirako -18.000 euro eta lanaren edizioa- hautagai: Tomás Arranz, Miguel Sandín, Alejandro Morellón, Lili Q. de Gavroche (izenordea) eta Sancho Saldaña (izenordea).

Sariaren 70 urteko historian, izen handiko idazleek irabazi dute: Ramiro Pinilla, Jose María Mendiola, Carmen Laforet, Miguel Delibes, Ana María Matute, Francisco Umbral, Fernando Arrabal, Juan Jose Millás…