Itxi

Literatura

Alizia herrialde miresgarrian

Aliziaren eskutik herrialde miresgarrira bueltan, 150 urte geroago

Natxo Velez | eitb.eus

Pamiela argitaletxeak Lewis Carrollen lan klasikorako ateak ireki ditu berriz, jatorrizko bertsioaren lehen argitalpenetik mende eta erdi igaro denean, euskarazko edizio berri txukun batean.

  • John Tennielek lehen ediziorako eginiko marrazkiek apaintzen dute itzulpen berria

    John Tennielek lehen ediziorako eginiko marrazkiek apaintzen dute itzulpen berria

Asper-usaina uxatu, Alizia umea zulotik behera lagundu eta herrialde miresgarrian barneratzeko gonbita berritu die irakurle euskaldunei Pamiela argitaletxeak, Alizia herrialde miresgarrian Lewis Carrollen lan klasikoaren edizio berrituan.

Manu Lopez Gaseni itzultzaileak 1989an argitaratutako bertsioa orraztu, egokitu eta testua egungo hizkuntza moldeetara ekarri du, jatorrizkoan kultur anglosaxoiari eginiko aipamenak euskal unibertsora lerratu ez ezik, John Tennielek lehen ediziorako eginiko marrazkiek lagundutako edizio dotorean.

Lopez Gasenirekin berarekin mintzatu gara, Aliziaren abenturen bertsio berriari buruzko zertzelada batzuk biltze aldera.

Lan honen zure aurreko itzulpenaren izenburua Aliceren Abenturak Lurralde Miresgarrian izan zen eta edizio honena Alizia herrialde miresgarrian. Zer dela eta izenburu aldaketa?

Jatorrizko obrak ez bezala, itzulpenak ?zahartu? egiten dira. Urtero plazaratzen dira dagoeneko itzulita dauden klasikoen itzulpen berriak (Kafka, Flaubert?). Iaz, adibidez, gaztelaniazko literatura sisteman eztabaida bizia sortu zen Kafkaren Verwandlung obra famatuarekin, tradizioz La Metamorfosis izenez itzulita zegoena, oraingoan, La Transformación izenez argitaratu zenean.

Aliziaren kasuan, alde batetik, Alice izen propioak irakurketa-arazoak eragiten zituen: Aliceren, Aliceri? Bestalde, jatorrizko izenburua Alice?s Adventures in Wonderland izan arren, kultura gehien-gehienetan ezabatu da ?abenturak? hitza. Nik eutsi egin diot ?abentura? hitzari (portadan izenburu osoa agertzen da), baina azalean laburtu egin dut, identifikagarriagoa-edo delakoan.

Alizia lurralde miresgarrian

 

Zer berrikuntza dakar bigarren itzulpenak?

Itzulpen berriaren asmo nagusia komunikatiboa izatea da; liburua irakurgarriago egiten saiatu naiz. Aurreko itzulpenetan irakurlea harritzen zen tokian, edo nekez ulertzen zuen tokian, orain esanahia ulertu eta barre egiten du. Hori zen, gainera, Carrollen asmoa: parodia, hitz-jolas eta antzekoen bidez irakurlearen barrea eragitea.

Alde horretatik, baliabide lexiko, sintaktiko eta kultural komunikatiboagoak bilatu ditugu, jatorrizko testuko konplexutasunak saihestu gabe.

Zer traba izan dituzu testua euskarara ekartzeko? Lanak berezkoak dituen hitz jolasak itzultzeko edo kultura anglosaxoiaren erreferentziak euskal mundura egokitzeko, zer baliabide erabili dituzu?

Itzultzaileak berridatzi egiten du jatorrizko testua bere hizkuntza eta kulturaren arabera. Beti gertatzen da hori. Aliziaren kasuan, hitz-jolasek garrantzi berezia dute, eta dezente ondo egokitu direla uste dut. Poemek zailtasun berezia eskaintzen zuten; izan ere, duela 150 urteko poemen parodiak izanik, daudenean itzuliz gero ezinezkoa da ulertzea zein izan zen Carrollen asmoa. Hori dela eta, gaurko irakurleari ezagunak zaizkion poema eta kantuen parodiak sortu ditugu, eta horiek bitartez primeran antzematen da Carrollek erabiltzen zuen nonsense edo zentzugabea zertan zen.

Alizia bera, Beldarra, Kapelagilea? Zein pertsonaiarekin adiskidetu zara eta zeinekin borrokatu zara gehien itzultze prozesuan?

Kapelagilea eta Martxoko Erbia dira, nire ustez, pertsonaiarik sinpatikoenak. Alizia bi aurpegiko pertsonaia iruditzen zait: hasiera batean ez zaizu gustatzen, baina aurrera egin ahala konturatzen zara handia izan ez izan, borrokan ari dela bere buruarekin, eta Alizia ere maitagarria egiten zaizu.

Alizia lurralde miresgarrian

Haurrentzako liburua da Alizia herrialde miresgarrian ala esan genezake muga hori lausotu egiten dela horrelako klasikoen aurrean?

Jatorriz haurrentzat sortu zen. Hala ere, jakina denez, liburuak bertsio bat baino gehiago izan zituen. Alizia herrialde miresgarrian testu kanonikoa da, literaturaren historiara pasatu dena; aldi berean, konplexuena ere bai. Horrelako ezaugarriak dituzten liburuak haurrentzat zein helduentzat dira egokiak, nork bere irakurketa propioa egiten duelako.

Zergatik izan da, da eta, seguru asko, izango da horren maitatua Carrollen liburua? Non datza, zure ustez, haren arrakastaren gakoa?

?Klasiko? deituraren esanahietariko bat konplexutasunarekin, irakurlea harritzeko gaitasunarekin lotuta dago, eta Aliziak irakurleak harritzeko eta xarmatzeko gaitasun hori izan du belaunaldi eta mendeetan zehar. Haurrentzako beste liburuekin konparatuz, berriz, oso garrantzitsua da Carrollek liburuari buruz esandakoa (kontrazalean aipatzen dena): ?Ziur esan dezaket liburuak ez daramala inolako erlijio irakaspenik; egia esanda, ez du ezertxo ere irakasten?. Ez da gutxi, haurrentzako liburuak era guztietako gauzak irakasteko baliatzen diren honetan.