Literatura
Euskarazko literatura sariak
BBK-Euskaltzaindia literatura sariak, Interneten ere irakurgai
Erredakzioa
Euskaltzaindia.net/literatura_ataria atalean bilduko dituzte, gaurtik aurrera, literatura sari ezberdinetako lanak, tartean Azkue Sariak eta Toribio Altzaga antzerki sariak.
Euskarazko literatura sariak ezagutzeko atari berezia izango dugu eskura aurrerantzean. Euskaltzaindiak eta BBKk literatura arloan elkarrekin egiten duten lana euskaltzaindia.net/literatura_ataria atarian bilduko dute gaurtik aurrera. Hiru atal izan dira bertan: Azken berriak, Literatura Terminoen Hiztegiaren bertsio digitala, eta Sariak. Bertan bilduko dituzte Txomin Agirre eleberri sariak, Felipe Arrese Beitia olerki sariak, Toribio Altzaga antzerki sariak, Mikel Zarate saio sariak, Azkue sariketak (1975-1990) eta haur eta gazteentzako Azkue sariketak (1991-2008).
Literatura Ataria aurkezteaz gain, 2009ko Azkue literatura sariak ere banatu dira gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. 11 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta, R.M. Azkue literatura saria antolatzen dute urtero Euskaltzaindiak eta BBKk. Jakina denez, sariek bi lan mota onartzen dituzte: narrazioa eta olerkia. Adinari begira, bi maila dira: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat. Orotara, aurten 219 lan aurkeztu dira.
Emakumeak izan dira nagusi 2009ko Azkue literatur sarietan:
A mailan, narrazioan:
Lehen saria: Zoritxarreko sekretua, Mikela Atxoarena.
Bigarren saria: Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, Maialen Akizu.
Hirugarren saria: Koaderno txikia, June Ugalde.
A mailan olerkian:
Lehen saria: Nire herria, Maialen Akizu
Bigarren saria: Gau beltza, Mikela Atxoarena
Hirugarren saria: Maitasun izpiak, Lorea Solana.
B mailan, narrazioan:
Lehen saria: Korapilo bako soka, Nerea Eizagirre
Bigarren saria: Euria, Amaia Iturriotz
Hirugarren saria: Zure ispiluaren ximurrak, Nerea Eizagirre.
B mailan, olerkian:
Llehen saria: Flora, Leire Arenas
Bigarren saria: Txorien jauzi ttikiz, Leire Arenas
Hirugarren saria: Musika, Nerea Ibarzabal.
Urtero bezala, literatura eremuko pertsona adituek osatu dute epaimahaia, beti ere Euskaltzaindiak izendatuta. Aurtengo epaimahaikoak hauek izan dira: A mailan, Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta; eta B mailan, Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Ibon Egaña.